goiena.eus

Mugikorra eta ordenagailuak bat egiten dutenean

  Teknologia  Debagoiena

Gailuen artean eduki berdinak izateko tresnak gero eta gehiago ugaltzen ari dira. Mugikorrean izan ditzakegun aplikazioak eta fitxategiak ordenagailutik erabiltzea gizartean hedatzen ari den desio bat da eta badira hau egiteko hainbat tresna.

Gaurko gizartean ohikoa bihurtzen ari da gailu batetik bestera gauza berdinak erabiltzeko nahia. Gailu batetik bestera inongo arazo gabe pasatzeko nahia ezarri da eta edukiak momenturo, gailua edozein dela ere, eskura izatea oinarrizkoa bihurtzen ari da. Horren harira, ordenagailua eta mugikorraren arteko muga apurtzen dituzte ondorengo sei tresna hauek.

Airdroid ordenagailua eta mugikorra elkarren artean konektatzeko aukera ematen duen aplikazioa da. Mugikorraren funtzionalitate gehienak erabili ahalko ditugu aplikazio honen bitartez, irudiak eta bideoak ikusi eta gailu batetik bestera bidali, notifikazioak jaso, mezuak erantzun eta beste hainbat. Kuriosoena agian mugikorreko kamara ordenagailutik kontrolatzeko aukera da, aplikazioaren premium bertsioa erosten dutenek izango duten aukeretariko bat.

Pushbullet aurrekoaren antzeko aplikazio bat da, zeinek mugikorraren pantaila osoa ordenagailuan ikusteko aukera ere ematen duen, aplikazio eta fitxategietan zehar nabigatzeaz gain. Nabarmentzekoa da gailu batetik bestera testuak eta irudiak kopiatzeko aukera ere ematen duela.

Aurreko bien bidetik doa Vysor izeneko aplikazioa. Hemen ere pantaila osoa ikus daiteke eta mugikorreko aplikazioak ordenagailuan erabili daitezke. Doako bertsioan USB bitartez konektatu beharra dago baina ordaindutakoan, WiFi bitartez ere konektatzen uzten du.

DeskDock aldiz desberdina da aurrekoekin konparatuz gero. Mugikorra kontrolatzeko aukera ematen badu ere, ordenagailuko sagua eta teklatua mugikorrean erabiltzea ahalbidetzen du.

Bestelakoa da Allcast, mugikorreko argazki eta bideoak ordenagailuan ikusteko aukera eskaintzen baitu. Chromecast, Apple TV eta beste gailu batzuen bitartez ere telebistekin konektatu daiteke. Aplikazio honek, mugikorreko edukiak gailu desberdinetan ikusteko aukera ematen du baina ez editatu edo manipulatzekoa.

Azkenik, mugikorra eta ordenagailua konektatzen ez dituen arren, Arc Welder webapp-ak Andorid sistemako APK instalazio fitxategiak ordenagailuan instalatzen ditu eta era honetan, aplikazioak zuzenean ordenagailuan exekutatu daitezke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa