goiena.eus

Berrerabili ala Garbigunera? Ordenagailu zaharren bigarren bizitza

  Teknologia  Debagoiena

Garbigunera eraman aurretik hainbat gauzatarako erabili daiteke etxean dagoen ordenagailu zaharkitua. Jolaserako, idazteko, zerbitzari bezala edo zientzia proiektuetarako baliagarria izan daiteke gure egunerokotasunean balioa galdu duen gailu zaharkitua.

Denborarekin, ordenagailuak zaharkituak gelditzen dira. Motelago funtzionatzen hasten dira, hainbat programa edo aplikazio instalatzeko arazoak ematen dituzte, sistema eragilearen eguneraketak ez dira egiten eta berri bat erosteko erabakia hartzen da. Baina zaharkitua gelditu den ordenagailu horrek Garbigunean bukatzeaz gain bigarren bizitza bat eduki dezake eta hainbat gauzatarako erabilgarria izan daiteke.

Egin daitekeen lehenengo gauzatariko bat Linux sistema eragilearen distribuzio bat instalatzea da, oraindik instalatu gabe badago behintzat. Linuxek baliabide gutxiago behar ditu eta nahiz eta Windows edo Mac OS sistema eragilean funtzionatzen duten software asko ezin diren Linux gainean erabili, oinarrizko erabilpen baterako nahikoa da. Hau da, interneten nabigatu, ofimatikako programak erabili eta eduki multimediak erabiltzeko nahikoa izan daiteke eta gaur egun oso erraza da hauek instalatzea eta Linux orokorrean erabiltzea. Distribuzio ezagunena Ubuntu da baina badira askoz arinagoak ere, Knoppix adibidez.

Multimedia sistema bezala ere erabili daiteke. Telebistara konektatzeko aukera edukiz gero, multimedia zerbitzari bezala erabili daiteke eta sareko edukiak ikusteko erabili, adibidez, Plex bezalako softwarearen bidez. Beste alternatiba ordenagailua bera telebista bezala erabiltzea da, zerbitzari bezala erabili beharrean. Interneteko edukiak ikusteko ez da prestazio handirik behar eta pelikulak, musika edota argazkiak ikusteko erabili daiteke.

Bideojoko zalea izanez gero, joko zaharretan jolasteko erabili daiteke. Arcade erako jokoak emuladore baten bidez jarri daitezke martxan, edo baliabide gutxi behar dituzten jokoak ere erabili daitezke. Atari, Amstrad, Spectrum edota Nintendo eta Sega zaharretako jokoetan aritzeko era egokia izan daiteke, Emulatronia bezalako zerbitzuei esker. Nostalgia puntu bat duten horientzat.

Ezer ukitzea nahi ez bada, umeek ordenagailuekin lehen kontaktua izan dezaten ere erabili daiteke. Erabil dezaketen aplikazioak ondo aukeratuta eta ondo konfiguratuta, ingurune seguru bat izan ahal da ikasten joateko, ezer hondatzeko edo galtzeko beldurrik gabe. Ezer ukitzea nahi ez duten horientzat beste alternatiba bat gauzak jaisteko erabiltzea da, edo idazteko bakarrik erabiltzea, idaztea gustukoa izanez gero.

Ordenagailuaren ‘tripak’ ikusteko eta hauek moldatzen ikasteko era on bat ere izan daiteke. Zabaldu, osagaiak muntatu eta desmuntatu, zerbait kentzen denean zer pasatzen den eta halakoak ikasteko era egokia izan daiteke eta berriaren mantenua edo moldaketa era seguruago batean egiteko ezagutza lortu daiteke era praktiko batean. Ordenagailua osatzen duten zati desberdinak beste ordenagailu batzuetan ere berrerabili daitezke, edo beharra duenari saldu, behin desmuntatu ondoren. Trebea izanez gero gainera, zati hauekin artelanak ere egin daitezke.

Azken proposamen bezala, proiektu handiago baten erabiltzeko prest utzi daiteke ordenagailua. Badira zientziarekin lotutako hainbat proiektu baliabide handiak behar dituztenak batez ere kalkuluak egiteko, eta hauek lortzeko sistema banatuak erabiltzen dituztenak. Programa bat eta interneteko konexio bat nahikoa da kasu gehienetan ordenagailua sare honen parte bihurtzeko eta bere baliabide guztiak proiektu hauetara zuzentzeko. Ezagunena SETI@home proiektua da, non ordenagailu pertsonalak erabiltzen dituzten bizitza estralurtarraren bila bildutako datu guztien prozesatzea errazagoa egiteko, baina badira beste batzuk ere, BOINC webgunean bildutakoak esaterako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa