goiena.eus

Euskal Herriko webguneen %13a bakarrik dago euskaraz

  Teknologia  Debagoiena

PuntuEUS Behatokiak 2016ko Internet erabilera datuak kaleratu ditu. Azterketa honen arabera, euskararen presentzia TLD nagusietan %13an dago eta batez ere Gipuzkoa eta Bizkaian kokatzen da. Hala ere, .EUS domeinuak %28ko gorakada izan du azken urtean.

Euskal Herriko webguneen %13a bakarrik dago euskaraz
TLD nagusietan euskararen presentzia 2016 urtean | Ikusi handiago | Argazki originala

PuntuEUS Behatokia euskarak Interneten duen egoera neurtzea helburu duen PuntuEUS Fundazioko ekimena da. Euskarak Interneten duen presentzia eta baita Internetek Euskal Herrian duen presentzia neurtzen dute, modu kuantitatibo eta kualitatiboan. Azterketa urtean behin egiten da eta emaitzak beraien webgunean uzten dituzte edozeinentzat eskuragarri.

2016ko neurketek hainbat ondorio interesgarri azaleratu dituzte. Euskararen presentziari dagokionez, nabarmentzekoa da TLD guztiak (.EU domeinua ezik) kontutan hartuta, webguneen %13a bakarrik dagoela euskaraz esan daiteke. .EUS domeinua da euskarazko eduki gehien dituena, %90ean, eta ondoren .ORG domeinua dago edukien %34a euskaraz duelarik. Gainerako kasuetan euskararen presentzia oso txikia da. Distribuzio geografikoa begiratuz gero, euskarazko webguneak Donostia, Bilbo eta Gasteiz inguruan biltzen dira gehienbat, Iruñea eta BAM (Baiona-Angelu-Miarritze) inguruan presentzia askoz txikiagoa duelarik. Lurralde historikoei begiratuz gero, Gipuzkoa eta Bizkaian daude gehienbat. Ez da harritzekoa, ingurune hauetan baitago domeinu dentsitate handiena ere, baina kezkagarria da Bilbo, Iruñea eta BAM inguruan domeinu dentsitatea eta euskarazko domeinuak konparatuz gero ematen den beherakada nabarmena.

webguneak euskara

Domeinu mota banaketari dagokionez, .COM domeinuak dira nagusi Euskal Herrian, %49ko merkatu kuotarekin. Ondoren .ES dago, %26arekin. Beste TLDek kuota askoz baxuagoak dituzte. Esaterako, .EUS domeinuak merkatuaren %3a besterik ez du eta hori 2016an %28ko hazkundea izan duela, beste guztiek, .FR kenduta, beherakadak jasan dituzten bitartean. Genero ikuspegitik, esanguratsua da .EUS domeinu izenen titularren artean %25a bakarrik dela emakumezkoa. Hala ere, ez da harritzekoa, Europako Batzordearen arabera IKT alorrean lan egiten duten 7 milioi europarren artean %30a bakarrik dela emakumezkoa kontutan hartzen bada. Hizkuntza ikuspegitik aldiz, euskarazko edukiak dituzten webguneen ia herenak erabiltzen du .EUS domeinua.

Twitterri erreparatzen badiogu aldiz, umap.eus webguneak eskaintzen dituen datuei esker, orotara euskara erabiltzen duten 14.090 erabiltzaile aktibo daudela ikus daiteke, baina nagusiki euskara erabiltzen dutenak, %80tik gora euskaraz egiten dutenak zehazki, 2.073 bakarrik dira, guztizkoaren %15a bakarrik. Euskarazko Twitter kontuen ia erdia norbanakoak dira eta horien artean herena besterik ez da emakumezkoa.



Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa