goiena.eus

‘GameLesson’: bideojokoetan aritzeko klaseak

  Teknologia  Debagoiena

Bideojokoetan aritzeko entrenatzaile zerbitzua martxan jarri du Japoniako Youdeal enpresak. Entrenatzaileak bezeroaren etxean bertan ematen ditu klaseak.

Argi dago Japonia herrialde berezia dela, batez ere bideo-jokoekin duten harremanetan. Tradizio handiko herrialdea da, 50 milioi kontsolatik gora daude eta 15 milioi pertsonatik gora jolasten du egunerokotasunean. Ez da harritzekoa beraz bideo-jokoekin erlazionatutako zerbitzu berriak sortzeko gaitasun handia dagoela merkatuak duen dimentsioengatik.

Zerbitzu berri horietariko bat da GameLesson, Youdeal enpresak martxan jarri duen aktibitatea. Zerbitzu honen funtsa etxean bideo-jokoetan aritzeko eskola partikularrak jaso ditzakezula da gamer profesionalen eskutik. Eskola hauek pertsonalizatuak dira eta jokalariak bere etxean bertan jaso ditzake. Batez ere beste pertsonen aurka aritzeko gertatzen dute jokalaria, eta kirolean edo beste hainbat arlotan gertatzen den bezala, jokalari amateurrek beraien trebetasuna garatzera zuzenduta dago zerbitzua, ez gamer profesionalak gertatzera.

Gaur egun Tokyo eta Osakan bakarrik eskaintzen dute GameLesson zerbitzua, baina Japonia osoan internet bidez ere eskaintzen dute. Momentuz, Street Fighter V, Super Smash Brothers, Splatoon eta Shadowverse jokoetan bakarrik ematen dituzte klaseak baina denborarekin eskaintza zabalagoa eskaintzeko asmoa azaldu dute. Zerbitzuaren prezioa orduko 30-35 euroren inguruan dabil eta joko berri batean hastea nahi baina trebatzeko denbora larregi ez duten pertsonei zuzenduta dago batez ere.

Hasiberrien eta arituen arteko tartea txikitzeko hainbat ekintza egiten ari dira bideo-jokoen arloan. Enpresa garatzaileak tutorialak txertatzen dituzte jokoetan trebetasuna hobetzeko edo Share Play bezalako tresnak sortzen dituzte, lagun batek besteari jokoetan aurrera egiten laguntzea posible egiteko. Jokalari komunitateak sarean eta saretik kanpo ere beraien esperientziak partekatzen dituzte, Game Erauntsia bezalako tresnen bitartez adibidez. Baina GameLesson zerbitzuarekin beste dimentsio bat zabaldu dela ezin daiteke ukatu, bideo-jokoekin erlazionatutako zerbitzuei dagokionez behintzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa