Interneten anonimotasunez aritzeko era errazak

Jokin Guridi 2017ko ots. 27a, 18:03

Neurri erraz batzuk hartuta interneteko nabigazioa anonimotasunez egin daiteke, programazio ezagutza edo ezagutza tekniko aurreratuak izan gabe.

Gaur egungo gizartean gero eta ohikoagoa da datuen pribatutasunaren inguruko elkarrizketak entzutea. Google edo Facebook bezalako zerbitzuek nabigazioan oinarritutako datuak saltzen dituztela, ordenagailuan sartzen diren pasahitzak lapurtzeko arriskua dagoela edo publizitate enpresak nabigazio datuak irakurri eta horren arabera zer erosi iradokitzen dutela denen ahotan dabiltzan gaiak dira. Hala ere, gehiengoak oraindik ez daki nola nabigatu dezakeen anonimotasunez.

Lehenengo aukera, eta sinpleena, nabigatzaileek ematen duten nabigazio pribatuko aukera erabiltzea da. Ez du anonimotasuna bermatzen, IP helbidearen bitartez oraindik ere identifikatzeko aukera dagoelako, baina anonimotasunaren lehen urratsak emateko aukera ona da. Batez ere, besteen ordenagailuak erabiltzerakoan eta bilaketatan oinarritutako publizitate iradokizunak ez jasotzeko balio du, ikusitako orrien historiala eta cookiak ezabatzen dutelako. Hala ere, beste zerbitzu batzuek erabiltzen dituzten cookiak ez ditu ezabatzen, flash zerbitzuenak adibidez, eta ez du anonimotasuna bermatzen.

Bigarren aukera TOR nabigatzailea erabiltzea litzake. TOR, The Onion Router izenaren akronimoa da eta tipula baten eran funtzionatzen du, izenak dioen bezala. Beste erabiltzaile batzuk ahalbidetutako nodoen bitartez sarera konektatzea ahalbidetzen du kapak bezala sortuz, tipula baten antzera. Honi esker, ordenagailua eta zerbitzariaren arteko konexioa sare erraldoi bateko nodo desberdinetatik pasatzen da eta nabigazioa motelagoa den arren, anonimotasuna bermatzeko aurrera pausu bat da nabigazio pribatuarekin alderatuz gero.

TOR sarearen alternatiba Invisible Internet Project deritzona da, I2P bezala ezagunagoa. Honek ere nodo desberdinen arteko komunikazio zifratua erabiltzen du eta bere helburua bisitatutako orriak zeintzuk diren ezkutatzea da. Teknikoki aurrekoaren desberdina izan arren, erabiltzailearentzat antzekoa da eta nabigatzaile berezi baten bitartez erabili daiteke I2P sarea.

Azken pausua VPN edo Virtual Private Network deritzon teknika erabiltzea da. VPNaren funtzioa gailu desberdinak fisikoki konektatuta egongo balira konektatzea da, hau da, sare pribatu baten bezala. Batez ere muga geografikoak ezabatzeko erabiliak izan dira, edozein webgunera edozein herrialdetik sartzeko nahiz eta herrialdean blokeatuta edo zentsuratuta egon. Batez ere, erabiltzailearen IPa ezkutatzen duelako erabiltzen da eta anonimotasun maila altua ematen du, nolabait, konexio pribatuak sortzen dituelako.

Aztarna digitalak ezkutatzeko modu errazak lauak, IPa ezkutatu, cookiak ezabatu eta pribatutasuna mantentzen laguntzen dutenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak