Telegram euskaraz eta euskaldunak Telegramen

Jokin Guridi 2017ko ots. 17a, 16:51
Eustickerrak oso ezagunak egin dira Telegram erabiltzaileen artean

Telegram euskaraz bizitzeko hainbat aukera daude. Erabiltzaileek interesatzen zaizkien gaiei buruzko talde, bot eta kanalak sortu dituzte, baita euskal kulturarekin zerikusia duten eranskailuak ere.

Telegram mezularitza aplikazio bat da, doakoa eta librea. Mugikorrean, tabletetan eta ordenagailuan erabili daiteke eta gailu guztien artean sinkronizatzen da edozein lekutatik sartzeko aukera izanez. Edozein motatako fitxategiak bidali daitezke eta kanal irekiak zein elkarrizketa pribatuak egitea posible da. Gif eta eranskailuen erabilerak elkarrizketak entretenigarriagoak egiten ditu, eta sekretuak gordetzea nahi izanez gero, badu irakurri ondoren ezabatzen diren mezuak bidaltzeko aukera ere.

Bere kodea publikoa eta askea da. Honek, komunitateak kode hori ikusi eta moldatzea posible egiten duenez, Telegram euskaraz izan dezakegu. Librezalek garatu duen fitxategi bati esker, aplikazioa euskaraz izateko aukera dago, nahiz eta bertsio ofiziala zuzenean euskaraz instalatzeko aukerarik ez dagoen. Horretarako, telegrama instalatu ondoren @euskaltelegram kanalera jo eta bertan agertzen diren pausuak jarraitzea da biderik errazena. Bestela, Telegram.eus webgunean ere azaltzen da pausuz pausu nola jarri. Hau ez da Telegramek euskaldunekin duen erlazio bakarra. Badira hainbat talde, kanal, bot eta eranskailu euskara eta euskal kulturarekin erlazionatutakoak.

Taldeak publikoak edo pribatuak izan daitezke. Publikoa egitea erabakitzen bada, edonor gehitu daiteke taldera eta edonork parte hartu dezake. Euskaraz badaude hainbat talde irekiak direnak eta modu irekian funtzionatzen dutenak. Adibidez, @librezale taldea bera; @hackinbadakigu, software, hardware eta jakintza eta kultura askearen eztabaidagunea; @gamerauntsia euskal bideo-jokalari euskaldunen elkargunea; edo @isfeuskadi Mugarik Gabeko Ingeniarien taldea.

Kanalak informazioa partekatzeko tresnak dira eta ez dute eztabaidarako aukerarik ematen. Gai baten inguruko informazioa jasotzeko era eraginkor eta azkarra dira bestelako aplikazio edo webgunerik erabili gabe. Debagoienean badago @elkartela kanala, Zibergarak sortua, Bergaran gertatzen diren ekintzen inguruko kartelak partekatzeko, baina badira euskarazko kanal ugari ere: Hala Bedi Irratiaren @halabedi kanala, Argia aldizkariaren @argiaeus, Talaios kooperatibaren @talaios, Hezkuntza Plataformen Topagunearen @hezk_topagunea, AEK-ren @aekeus, Sopelako @sopelanet, @hackinbadakigukanala@buiakainfo ikasle mugimenduaren kanala, eta lehen aipatutako @euskaltelegram kanala.

Botak erabiltzailerekin txat bidezko interakzioa baimentzen duten programak dira. Gure artean, Bergarako Mokolokom jarioak badu bere bota, @MokolokomBot, Bergarako blogen jarioak bildu eta eskuragarri jartzen dituena. Hala ere, badira euskarazko beste bot batzuk ere: adibidez @liberbibot automatak Lea-Artibai eta Mutrikuko izparrangiko txioak eskaintzen ditu eta @EustelegramBot robotak Telegram.eus webguneko edukiak zuzenean Telegramen zabaltzea ahalbidetzen du.

Eranskailuen kasuan, ugariak dira emoji zaharrak marrazki berri eta originalez ordezkatzeko aukerak. Norberak ere egin eta igo ditzake eranskailuak, era erraz batean. Euskaldunekin zerikusia duten eranskailu ugari daude jadanik eskuragarri: Korrikaren 20. ediziokoak, Gipuzkoa Zutik eta Talaios Kooperatibaren “Taosarea”a adibidez, edo  hain ezagunak egin diren Eustickerrak.

Informazio gehiago nahi izanez gero Telegram.eus webgunean bada Telegram zer den eta nola jarri daitekeen euskaraz azaltzen duen informazioa, baita talde, kanal, eranskailu, botekin erlazionatutako hainbat kontu ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak