Sare sozialetako erabiltzaileek dituzten jarreren inguruko jardunaldia

Jokin Guridi 2017ko ots. 13a, 13:52

Helburu jakinekiko jarreren sailkapena sare sozialetan izeneko jardunaldia izango da bihar Donostian Arkaitz Zubiaga arrasatearraren eskutik.

Sare sozialetan era askotariko jarrerak aurki daitezke albiste edo iritzi baten aurrean: atsegiteak, kritikak edo jarrera oldarkorrak esaterako. Jarrera hauek antzemateak zerbait argitaratu aurretik jarraitzaileek nola erantzungo duten aurreikusten eta jarrera negatiboak ekiditeko mezuak moldatzen lagundu dezake.

Jardunaldi honetan bi kasu konkretu jorratuko dira. Alde batetik, zurrumurruen aurrean erabiltzaileak duen jarrera aztertuko da. Zurrumurruak ugariak dira sare sozialetan, bertan partekatzen dena ez da beti egiaztatzen, eta zurrumurru hauen aurrean erabiltzaileek aldeko zein kontrako jarrera ezberdinak erakusten dituzte. Gehienetan eztabaida sortzen dute zurrumurru hauek, beraien egiazkotasunaren alde eta aurka posizionatzen diren erabiltzaileen artean. Eztabaida hauetan ematen den diskurtsoa aztertzeko sailkatzaile sekuentzialekin egindako lana azalduko du Arrasateko ikerlariak jardunaldiaren lehen zatian.

Bestetik, sare sozialetan aurkitzen diren erabiltzaileen artean beraien identitate nazionalak nola eragiten duen aztertuko da, mugimendu independentisten esparruan. Bigarren zati honetarako, azken aldian puri-purian dauden hiru kasu aztertu ditu Arkaitz Zubiak: Euskal Herria, Herrialde Katalanak eta Eskozia. Kasu hauetan, erabiltzaileek naziotasunarekiko duten jarreraren arabera sailkatu ditu. Jardunaldia Donostiako EHUko Informatika Fakultatean izango da arratsaldeko lauetatik aurrera.

Arkaitz Zubiaga arrasatearra Ingalaterran dagoen Warwickeko Unibertsitatean doktorego osteko ikertzailea da, sare sozialetan sortzen diren zurrumurruak ikertzen ari da azken urteotan hizkuntzaren prozesamendurako eta datu meatzaritza teknikak erabilita. Gainera, sare sozialetan azterketa demografikoak egiten ditu, bereziki, talde minoritarioetan edo minorizatuetan interesa jarriz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak