Hezkuntza asko ari da aldatzen azken urteotan, irakasteko erak hobetzeko programa berriak lantzen ari dira eskolak. Sareko teknologia ere, gero eta gehiago erabiltzen da hezkuntza zentroetan: irakaskuntza kudeatzeko sistemak (adibidez, Moodle), fitxategiak hodeien gordetzeko eta partekatzeko zerbitzuak (Google Drive, Dropbox…), blogak sortzeko, eta abar luze bat.
Ikasketa metodoek berriz, ez dute aurrerakuntza nabarmenik izan. Batez ere, ikasteko ordutegi eta leku zehatzak izaten jarraitzen dute ikasleek (logela, liburutegia) eta oraindik ere, gehienbat paperak, liburuak eta koloretako boligrafoak erabiltzen dira.
Mugikorra erabiltzeko ordea, edozein leku eta ordu da ona erabiltzaileentzat: berandu datorren lagunaren zain, autobuseko ibilbidean, telebistako iragarkietan (baita telebistako programa ikusten den bitartean) edo itxaron gela batean. Edozein unek balio du mobila begiratzeko, badira komunera ere, mugikorra alboan dutela joaten direnak.
Txartel azkarren aplikazioek (ingelesez, Flash cards), sistema tradizional bat mugikorretara egokitu dute. Txartelaren alde batean hitz bat, galdera bat, irudi bat edo oker bat jarri daitezke besteak beste, eta beste aldean zuzenketa edo erantzuna. Azkar birpasatzeko kontzeptuak dira, azterketa baten aurretik erabili daiteke, ohiko akatsak zuzentzeko, eta baita zerrenda luzeak edo hizkuntza berri batean hitz berriak buruz ikasteko.
Aplikazio hau deskargatzeko mugikorreko sistema eragilearen aplikazio dendan sartu eta “Flash cards” idatziz hainbat aukera agertuko dira. Aplikazio ugari daude, bakoitza bere onura eta desabantailekin, bakoitzaren beharren arabera, bata edo bestea izango da egokiagoa. Gehienetan ikasketa kontzeptuak gaika banatu ahal dira eta ikasten den heinean kontzeptu bakoitzaren zailtasun maila markatu ahal da, txartel zailak gehiagotan berrikusteko.