Iñigo atezainak partidua amaitu duen penaltia geratu izanari esker, garaipena Ford Mugarrirentzat

Txomin Madina Milikua 2017ko urt. 14a, 22:00

Patxi Gartziaren mutilek 26-25 irabazi dute Pulpo taldearen kontra. Etxekoek hiru goleko aldeko aldearekin amaitu dute lehenengo zatia, baina aurkariak gogotsu irten dira bigarren zatian, eta azken segundoetan erabaki da lehia.

Partiduaren lehenengo zatiaren amaieran zirudiena baino gehiago kostatu zaio Ford Mugarriri gaur Iturripen Zumaiako Pulpo taldeari irabaztea. Etxekoena izan da lehenengo gola, eta aurreneko minutuetan lehia parekatu samarra izan den arren, apurka-apurka aurrea hartu dute Patxi Gartziaren mutilek, eta markagailuan 15-12 joan dira bi taldeak atsedenaldira.

Azken segundora arte borrokan

Bigarren zatian, baina, maldan gora jarri zaizkie gauzak etxekoei. Bosgarren minutuan hamaseina berdindu dute zumaiarrek, eta hortik aurrera, markagailuan oso pareko joan arren, berdinketa hautsi izan duen gola Pulporena izan da ia beti. Neurketa bukatzeko segundo gutxiren faltan etorri da etxekoak 26-25 aurretik jarri dituen gola. Eta garaipena poltsikoan zeukatela zirudienean, ezustekoa: Ford Mugarriko Kepa Gruzetak egindako falta bat, kiroltasunik gabeko jarreratzat hartu eta txartel gorriarekin eta penaltiarekin zigortu du epaileak. Iñigo atezaina baina, trebe ibili da, eta penaltia geratzea lortu du zaleen eta taldekideen zoramenerako.

Gizonezkoen Euskadiko Txapelketako bigarren itzulia, beraz, garaipenaren bi puntuak poltsikoratuta hasi dute arrasatearreak, eta sailkapenean laugarren postuari eutsi diote. Hurrengo jardunaldian sailkapenean lider den Basauriren kontra jokatuko dute.

Izarraitz-Muñoz Aloña Mendik irabazi

Ford Mugarriren kategoria berean, Izarraitz-Muñoz Aloña Mendikoek ere bide onetik hasi dute bigarren itzulia, gaur arratsaldean 31-21 irabazi dute-eta etxean Tolosaren kontra jokatutako partidua. Bi puntuak eskuratuta, sailkapenean bigarren jarraitzen dute.

Soraluce BKEk ere garaipena

Gizonezkoen Gipuzkoako Txapelketan, bestalde, Soraluce BKEk 21-22 hartu du mendean Ormaiztegi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak