Berraondoren eta Zezeagaren itzaletik

Xabier Urtzelai 2016ko abe. 15a, 11:50

Bihar, egubakoitza, Aitor Mendizabal eta Beñat Rezusta aurrez aurre izango dira Eskuz Binakako Txapelketa barruan. 17 urte egin behar dira atzera Bergarako eta Antzuolako pilotari bana egoera horretan ikusteko; oraingoan, baina, Oñatin da lehia. 

Bihar, egubakoitza, gipuzkoarren arteko lehia izango da Eskuz Binakako Txapelketa barruan (22:00) Oñatin –Barriolak min hartuta jarraitzen du–. Eta harago ere egin daiteke, aspaldiko partez Debagoieneko bi pilotari izango direlako zein baino zein gehiago, Mendizabal III.a eta Beñat Rezusta. Antzuolakoak Tolosa izango du lagun, eta Bergarakoak Irribarria. 

Ia bi hamarkada atzera 

Urte asko egin behar dira atzera txapelketan Bergarako eta Antzuolako pilotari bana aurrez aurre ikusteko; eta, pilotaz zerbait badakien Joseba Lezeta kazetariak ekarri du datua gogora: 1999ko urtarrilaren 29an Zezeagak eta Berraonºdok neurtu zituzten indarrak Iruñeako Labriten, Mikel Goñi eta Santi lagun zituztela. Orduan, 22-9 nagusitu ziren Goñi eta Zezeaga: "Sasoi hartan sei urte nituen nik", dio Rezustak irribarrez. "Gogoan dut Zezeaga pilotari moduan ikusi izana, herrikidea da gainera, baina egia da ni gaztea nintzela erretiratu zela".

Mendizabal III.ak, berriz, harreman estuagoa du Aritz Berraondorekin: "Herriko pilotaria izanda mutiko-mutikotatik jarraitu izan dut Berraondoren ibilbidea, eta gainera, oso harreman ona dut harekin".

Rezusta, Irribarria, Barriola ordezkatuko duen Tolosa eta Mendizabal III.a, atzo Oñatin.

'Gustuko pilotak' 

Gaurko lehian materiala ez da aitzakia izango: "Akaso gureak biziagoak dira, eurena bat motelxeagoa da, baina pilotak ez dira aitzakia izango", dio Rezustak. Mendizabal ere gustura dago aukeratutako materialarekin, eta baita gaurko eszenatokiarekin ere: "Etxean nagoela esan dezaket, txikitatik ordu asko pasatakoa naiz frontoi honetan, eta gustuko dut". 

'Frontoian irabazi behar da' 

Irribarria eta Rezusta faboritotzat hartu dituzte hasieratik: "Baina partiduak frontoian irabazi behar dira. Alde horretatik oso lasai gaude, serio hasi gara eta ondo gabiltza, baina ezin gara lasaitu, dio Rezustak.

Mendizabalek, berriz, argi du partidua irabazteko ia dena egin beharko dutela ondo: "Joko erritmoa gurera ekarri beharko dugu, eta gure lanak oso ondo egin". Ea frontoira etortzen den jendea gustura geratzen den".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak