Kilometroak 2016 Bergara

Kilometroen aldeko banako berdinketa

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko abu. 11a, 12:45

Gipuzkoako futbolaren eta Ikastolen festa bizi izan zen atzo, abuztuak 10, goraino bete zen Bergarako Agorrosin futbol zelaian. Realak eta Eibarrek partidu polita eta bizia jokatu zuten; amaieran, banako berdinketa markagailuan, euskarak eta Ikastolak irabazi zuten lagunartekoan.

1.500 lagun inguru hurbildu ziren Agorrosinera, aspaldian izan den sarrerarik onena zalantza barik. Bultzada ederra izan zen atzokoa Aranzadirentzat urriaren 2ko egun handira begira.

Kamiseta eta lora eskaintza

Partiduaren aurretik, bi taldeetako jokalariek, herriko neska mutikoek eta Kilometroak 2016ko ordezkariek argazkia atera zuten. Era berean, Aranzadi Ikastolako lehendakari Aitziber Lopez Aretxagak kamiseta bana oparitu zien Realeko eta Eibarreko kapitainei eta Aranzadi Ikastolako neska mutiko bik lore sorta bana eman zien. Realeko eta Eibarreko kapitainek, ostera, bi taldeetako kamiseta bana eman zien Aranzadi Ikastolako lehendakariari.

Golak bigarren zatian

Hori bai, epaileak partiduaren hasiera adierazi ostean, seriotasuna eta intentsitatea nagusitu ziren Agorrosingo berdegunean. Lehen zatia husna amaitu ostean, bigarrenean heldu ziren lehiako bi golak. Lehena armaginek egin zuten Ruben Peñaren eskutik  eta, hortik aurrera, gainera, Eibarrenak izan ziren baloiaren jabetza eta gol aukera garbienak. Baina partiduaren hondarrean David Concha aurrelari txuri urdinak egindako golak berdinketa ekarri zuen markagailura.

Amaiera xelebrea

Lagunartekoa izan arren, lehia bizia izan zen eta horren adierazle da partiduko azken jokaldian Iñigo Martinezen eta Ruben Peñaren artean eman zen liskarra. Beroaldia pasatu ostean, baina, denok lagunak. Eta ondoren, ume eta gaztetxoek hartu zuten berdegunea, euren idoloen sinaduren bila.

Erlazionatuak

Realaren eta Eibarren arteko partidua argazkitan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016 abu 11 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak