goiena.eus

MGEPko ikasleen proiektua Siemensen prototipo lehiaketako finalera

  Teknologia  Arrasate  Debagoiena GAURKOAK

Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Lanbide Heziketako ikasle talde bat Siemensek antolatutako prototipo lehiaketaren finalera iritsi da. Negutegi automatizatu bat garatu dute hiru hilabetez, eta datorren astelehenean jakingo dute ia irabazleak izan diren ala ez.

Lehiaketaren lehen fasean, antolatzaileek hamar proiektu onenen artean sartu zuten proiektua, eta bigarrean fasean, berriz, lau finalisten artean egotea merezi dutela erabaki dute. Lanbide heziketako automatizazio arloko bi ikaslek eta ingeniaritza graduko batek garatu dute berotegia. Beraiek dira Sergio Murga, Iker Senar eta Julen Paniagua, eta Angel Alonso izan da gidatu dituen irakaslea. 

Alonsok azaldu du zenbait Udaletxek, tartean Bilbokoak, euren interesa erakutsi dietela honezkero. Izan ere, Arrasaten egindakoa prototipo bat den arren, tamaina handiagotan ere funtziona dezake.

Funtzionamendua

Mondragon Goi Eskola Politeknikoko ikasleek hiru hilabetez landu dute proiektua. Landare mota jakin bat hazteko klima-baldintza egokiak kontrolatu daitezke automatizatutako berotegi honen bidez.

Modu automatikoan edo manualean funtziona dezake berotegiak. Hainbat konponente ditu negutegi automatizatu honek. Esaterako, hainbat sentsore ditu, tenperatura, haizea edota argia bezalako faktoreei buruzko informazioa jasotzen dutenak. Era berean, sentsore horiengandik jasotako informazioak hala eskatzen badu, beharra dagoenean faktore horiek egokitzeko berogailua, haizegailua edota argi bonbilak ditu.

Taldekideek nabarmendu dute Siemensen lehiaketako finalera iritsi izana jada sari handi bat bezala hartzen dutela. Astelehenean Madrilen egingo den sari banaketan emango dute jakitera irabazleen izena, eta han izango dira proiektua aurrera eraman duten ikasleak zein haien irakaslea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa