Herri galdeketa

Jon Goikoetxea: "Historia egin den egun honetan erantzuna ezin hobea izan da"

Maider Arregi 2016ko eka. 5a, 21:49

Uzta jasotzeko eguna izan dela esan du Jon Goikoetxeak, Erain Debagoienako komunikazio taldeko bozeramaileak. Bereziki parte-hartzea azpimarratu du: "Balorazioa oso ona, kristorena izan da. Emozionatzeko modukoa izan da lehen galdeketa honen erantzuna". 

Hemen, balorazioa, osorik:

"2016ko ekainaren 5a uzta jasotzeko eguna izan da Debagoienean eta Aramaion.

Publikoak diren datuen arabera, 16 urtetik gorako 54.533 pertsona daude erroldatuta gure bailaran.

Azken hilabeteotan, errolda horren %17 inguruk sinatu du erabakitzeko eskubidearen alde, eta gaurko galdeketa egiteko agindua eman digu.

648 debagoiendar ibili dira gaur lanean eskuzabal, eta askoz gehiago izan dira, modu batera edo bestera, elkarlanean ibili direnak hilabeteotan. Herriak eman die saria eta arrazoia. Ez dago gaur bizi izan duguna baino aitorpen ederragorik!

Kontsultan 16.093 lagun hurbildu dira mahaietara bere botoarekin hiru aldarrikapen argi egitera:

Lehena, Euskal Herria dela subjektu politikoa.

Bigarrena, herri honek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela, eta, Herriari berari dagokiola erabakia hartzea.

Herri bat garela, libre izan nahi duen herria, askatasun gose eta egarri dena. Ez digutela agindu behar guk zer eta nola egin behar dugun.

Gaurkoa itsasoak hondartza ertzera bidali duen uhin txiki bat baino ez da izan, itxura barearekin agertu arren ikaragarrizko indarra duena. Olatuak badatoz atzetik, atzera eta aurrera kulunkan, tsunami erraldoi eta geldiezina bihurtuko dena.

Euskal Herriak du hitza eta herriarena da erabakia. Indarrak biltzen jarraituko dugu, luze joango da, baina ez dago bere buruaz harro dagoen herri bat ukatzerik..

Gaurko eguna, ekainaren 5a, zenbakitan:

  • Errolda: 54.533
  • Bozkatu dutenak: 16.093

Gaur dakigu Debagoiendarren %29,51ak barneratuta duela herri izaera, horra uzta. Guztia utzi eta, jai giroan, demokratikoki, errespetuz eta gizalegez, jarri dute botoa. Botoarekin ozen esan diote, entzun nahi duen guztiari, hemen herri bat dagoela, indartsua, sendoa eta bere etorkizuna erabakiko duena.

Zorionak eta eskerrik asko guztioi".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak