Espainiako Gorteetarako Hausteskundeak 2015

Victoriano Gallastegi jeltzaleak Madrileko senaturako eserlekua lortu du

Eneko Azkarate 2015ko abe. 21a, 16:08

Victoriano Gallastegi Bergarako alkate izandakoa da Eusko Alderdi Jeltzaleak Gipuzkoan lortu dituen hiru senatarietako bat. Ahal Dugu-Podemosek lortu du bestea. Bergararra, legealdi berrian Madrileko Gorteetan izango den debagoiendar bakarra da.

Lehenago ere izanak dira beste Bergarako alkate ohi bi Madrilen senatari: Jose Luis Elkoro (1989-1993 eta 1993-1996) eta Imanol Bolinaga (1991-1999). Azken hau Eusko Legebiltzarrak aukeratuta eta ez herritarrek botoen bidez.

Victoriano Gallastegi pozik agertu da hauteskundeetako emaitzekin, eta Madrilen lan egiteko eta Euskadiren ahotsa hara eroateko ilusio eta gogo handiarekin dagoela adierazi dio Goienari.

89.052 boto lortu ditu domekako bozketan, Gipuzkoako bigarren hautagairik bozkatuena izan da, Maria Eugenia Iparragirreren atzetik, berau ere jeltzalea. Imanol Kerejeta jeltzalea eta Jose Ramon Arrieta Ahal Dugu-Podemoseko hautagaia dira Gipuzkoako beste bi senatariak.

Victoriano Gallastegik 75 urte ditu. 24 urtez egon zen Bergarako Udalean, 1983tik 2007ra bitartean, eta horietatik 16 urte, hau da, lau agintaldi, alkate moduan. 2007an hartu zuen erretiroa, baina modu batera edo bestera politikarekin edo herrigintzarekin lotutako kontuekin aritu da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak