Markel Olano, Arrasateko Fagor CNAren lantokian: "Gaurkoa mirari bat da"

Ubane Madera 2015ko aza. 21a, 13:00

"Mirari" berbarekin kalifikatu du Markel Olanok, Gipuzkoako ahaldun nagusiak Fagor moduko proiektu bat erori osteko "trauma" gainditu eta urtebetean proiektua martxan jartzeko izan den "gaitasuna". Goizean esan ditu berba horiek, Fagor 'berriaren' urtebetetzea ospatzeko Garagartzako instalaziotara egindako bisitan. Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako sailburuak, berriz, adierazi du "instituzio bezala alboan" izaten segituko dituztela. Eta Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak, besteak beste, "Arrasaterekin erakutsitako konpromisoa" eskertu dio CNA Taldeari. 

Joseba Egidazuren, Fagorreko zuzendari industrialaren eskutik Garagartzako fabrikazio prozesua bertatik bertara erakutsi diete goizean Fagor CNA egunera bertaratu diren ordezkari politikoei. Bisitan izan dira Arrasateko alkate Maria Ubarretxena eta bertako Udal Gobernuko hainbat zinegotzi jeltzale, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapia, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano eta Francisco Martin, CNA Taldeko presidentea.

"Bizirik jarraitzen du"

Guztiek bat egin dute Fagor CNA-k urtebetean lortu duen garapena azpimarratzen. "Pozgarria da, herriko eta eskualdeko ikur izan den Fagorrek bizirik jarraitzen duela ikusten delako", adierazi du Ubarretxena alkateak; eta ikusitakoak ikusita, elkarlan publiko-pribatua "ezinbestekoa" dela azpimarratu du hark, "gazteen etorkizuna bermatzeko".

Halaber, Arrasateko alkateak eskertu egin dio Fagorren inbertitu duen CNA Taldeari "Arrasaterekiko duten konpromisoarengatik". Eta gogoan izan ditu orain dela bi urte gertatutako Fagorren itxierarengatik kaltetuta atera zirenak, esanez, Arrasateko Udalak "eurekin berbetan segituko" duela. 

"Berriro ere mapan jarriko dute"

Arantza Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburuak, berriz, bereziki aipatu ditu bi izen propio, erakutsitako inplikazioarengatik: Jorge Parladé eta Francisco Martín, CNA Taldeko presidentea eta zuzendari nagusia, hurrenez hurren, "biek erakutsi dutelako euren konpromisoa hemen zegoela, fabrika martxan jartzen eta langileak kontratatzen", Tapiaren esanetan. "Emandako hitza betetzen dabiltza" gaineratu du sailburuak, eta erakundeengandik babesa izaten segituko dutela transmititu die. "Berriro ere Fagor mapan jarriko duten produktuak lantzen dabiltza", esan du.

Guztion "konpromisoa"

Markel Olano ahaldun nagusiari dagokionez, bi mezu azpimarratu ditu: batetik, adierazi du azken urteotan Gipuzkoan emandako "desindustrializazioaren" ondoren, Fagorrena moduko garapenei esker, Gipuzkoa "berrindustrializazio prozesuan" dagoela orain. Eta Fagorren urtebetean gauzatutako aurrerapena "miraria" izan dela kalifikatu du hark.

Eta bestetik, lurraldearen etorkizuna lantzerakoan, herritarrek ere badutela "ardura" azpimarratu du Olanok, kasu honetan, bertan produzitzen diren produktuak erosteko. "Proiektuak izango dira sinesgarriak gugandik hasten bagara (…) Gure etxeko hurrengo indukzio plaka Fagor izango da", ziurtatu du Gipuzkoako ahaldun nagusiak.

"Identitate lokala"

Francisco Martinek, CNA Taldeko presidenteak, bestalde, enpresek izan beharreko izaera globalaren garrantziari muzin egin barik, azpimarratu du "enpresa batek ulertu egin behar" duela era berean, "bere identitate lokala". Hala, enpresa batek erdietsitako onurek "tokian tokiko komunitatean" ere "eragina izan behar" dutela adierazi du. Horrekin batera, erakundeei eskerrak eman dizkie emandako babesarengatik eta esan du "asko" dagoela egiteko, baina gaurkoak moduko presentziek "aurrera egiteko indarra" ematen dietela.

2016an 80 langile gehiago

Datutan sartuta, berriz, Martinek jakinarazi du gaur gaurkoz 450 bat langilek dihardutela Fagor CNAk Arrasaten, Bergaran eta Basaurin dituen lantegietan. Eta 2016an beste 80 lanpostu sortzeko aurreikuspena dutela.

Fakturazioari dagokionez, aurtengoa oraindik itxi barik "100 milioi euro" ingurukoa izango da, eta datorren urterako egin duten aurreikuspenaren arabera, 160 milioi euro fakturatuko dute.

Bestalde, aditzera eman du Geyser "datorren urteko lehen hiruhilekoan aktibatuko" dela, eta Basauritik Garagartzara egin beharreko lekualdaketak bere horretan segitzen duen arren, oraindik ez dutela horretarako datarik finkatuta.

Etorkizunera eta epe luzera begira, berriz, "nazioarteko presentziaren aldeko apustua" egin behar dutela iragarri d Martinek, adieraziz dagoeneko bereganatu dituztela Fagorrek nazioartean zituen sei filial. Eta horrekin batera adierazi du "etxeko merkatuan presentzia indartsua" ere izan gura dutela. Bukatzeko, jakinarazi du Txinako produkzioaren zati bat hona ekarrita dagoela (22.000 laba inguru aurten) eta 2016an beste produkzio zati bat ekarriko dutela.

Langileak ere bertan

Politikariei ez ezik, gaur Garagartzako fabrikak ateak zabaldu dizkie ere bertan diharduten langileei eta haien familiei. Instalazioetara bisita egin dute taldetan banatuta, euren seme-alabendako jolasak izan dituzte eta goiza borobiltzeko, luncha.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak