"Aurreko ikasturtean Hazi, hezi, izan dinamika abiatu genuen Debagoieneko gazteok eta ikasturte berriarekin batera independentzia eta burujabetzaren aldeko dinamika honi jarraipena ematera gatoz". Halaxe diote Debagoieneko Ernaikoek.
Eta, hain justu ere, joan zen maiatzean Sabaldell herriko Arran gazte antolakundeko gazteak Debagoienean izan ziren moduan, oraingoan, Kataluniara abiatuko dira Debagoienetik irailaren 10etik 14ra bitartean.
Ernaikoek dei egin diete eskualdeko gazteei bidaian parte hartzeko. Horretarako, izena eman behar da helbide honetara idatzita: haziheziizan@gmail.com, edota "ohiko lekuetan". 50 euro ordaindu behar dira joan-etorria eta egonaldia, nahiz eta adierazi dutenez, "dirua ez dadila oztopo izan" izena eman gura dutenendako.
Hainbat ekitaldi eta Diada
Katalunian antolatuko diren hainbat ekitalditan parte hartzeko aukera izango dute gazteek. Esaterako, irailaren 10ean, eguaztena, Nosaltres decidim izenburuko hitzaldian, Sabadell-en, bertako herri mugimenduak antolatuta. Irailaren 11n, ostera, Diadarekin bat egingo dute eta Esquerra Independentistak Bartzelonan antolatutako ekitaldietan parte hartuko dute, besteak beste. Eta, irailaren 12 eta 13an, "herrialde katalanetako gazteen errealitate eta mugimenduen borrokak bertatik bertara ezagutzeko" aukera izango dute.