Ernai eta Kataluniako Arran gazte antolakundeak elkarrengandik ikasten

Goiatz Arana Begiristain 2014ko mai. 3a, 19:42
Esperientziak elkartrukatzeko jardunaldiak egiten ari dira asteburuan. Independentzia lantzeko batu dira bi gazte antolakundeak, 'Hazi, Hezi, Izan' dinamikaren barruan. Izan ere, diskurtso independentista eta ezkertiarra kalera ateratzeko "beharra" ikusi dute, "Europatik datorren olatu-kolpe independentista eta Espainiaren gainbehera ikusirik". Arratsaldean, Bilboko manifestazioan parte hartu dute.

Bi herrialdeak daude "une interesgarrian", euren esanetan, eta nahiz eta bateko eta besteko prozesuak fase ezberdinetan egon eta hainbat aspektutan ez etorri bat, ezaugarri komun asko dituzte: "Bi prozesu subiranista daude martxan –Kataluniakoa aurreratuago beharbada, baina gurea ere une interesgarrian–. Horregatik, irakurketa bateratu bat egin gura genuen", adierazi du Debagoieneko Ernaiko Igor Tomek.

Ideia horietatik abiatuta, hausnarketa egin zuten atzo arratsaldean, Oñatiko Antixena gaztetxean. Elkar ezagutu eta izotza apurtzeko joko batzuk egin zituzten aurretik; ondoren, berriz, mural bat margotu zuten "bi antolakundeen arteko anaitasuna eta bi herrialdeen arteko lotura irudikatzeko".

Gaur, Larrutu sistema, eraldaketa gure baitan lelopean, Ernaik antolatutako lehen manifestazio nazionala egin dute Bilbon eta bertan izan dira Debagoieneko eta Sabadelletik etorritako gazteak ere, "egungo prekarietate egoera salatu, eta alternatiba bat eraiki eta eskaintzeko gazteriari".

Ernaiko gazte debagoiendarrek Kataluniara joan asmo dute Diada egunerako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak