goiena.eus

Fagor Etxetresnen gaia inoizko jarraituena, GOIENA.NET-en

  Teknologia  Debagoiena

Fagor Etxetresnen albisteak inoizko bisitari kopuru handiena erakarri du azken hilabetean GOIENA.NET-era. Hain zuzen, bisitari bakarrei dagokienez, errekor historikoa egin zuen webguneak joandako urriaren 16an, 10.750 bisitarirekin –bisitari bakar. Iazko urria eta azaroarekin konparatuta, bisiten hazkundea %43,72koa izan da; datu benetan adierazgarria. Sare sozialetako oihartzuna ere aipagarria izan da.

Urriaren 16an egin zuen GOIENA.NET-ek, bisitei dagokienez, errekor absolutua. 10.750 bisitari bakar izan zituen Fagor Etxetresnak hartzekodunen konkurtsora sartuko zela iragarri zen egunean. Egun horretan  eta hurrengo bietan erreferente bihurtu zen GOIENA.NET, gainera, baita Debagoienetik eta Espainiatik kanpo ere. Hala, Google Analytics tresnak ematen duen banaketa geografikoaren arabera, Frantziatik ia mila bisita heldu ziren; 652 Akitaniatik, zehazki, pentsatzekoa denez, Iparraldetik etorriak. Hala ere, Amerikako Estatu Batuetatik 600 bisita baino gehiago izan zituen lehen egunetan guneak eta Erresuma Batutik eta Alemaniatik 500en bueltan, bi herrialdeetan. Txinatik 156 bisita izan genituen, hango Mondragon Taldeko langileen bisitak, ziurrenik. Albisterik bisitatuenak urriaren 16ko hori, manifestazioarenak eta lehen manifestazio horretako argazki galeria izan dira.

Igoera esanguratsua

2013ko urriaren 15etik azaroaren 13rako epealdia hartuta, iazko urtekoarekin konparazioa eginda, %43,72ko igoera egon da bisitari kopuruan. Igoera hau esanguratsua da oso, 2012 eta 2013ko urtarril eta urrira arteko epealdiak konparatuta, igoera %19,06koa delako. Horrek esan gura du, orain arteko urteko hazkundea joera moduan hartu eta estimazio azkar baten, ia %25eko bisita igoera ekarri duela Fagor Etxetresnen albisteak.

Zuzentasuna

Zuzentasuna eta kontrastea beste ezeren aurretik lehenetsi ditu Goienak, Fagor Etxetresnen gaineko gertaeren kontakizuna egiterako orduan. Izan ere, albistearen sorrera tokian bertan dago Goiena eta tentu handiz zaindu gura izan du bertan argitaratzen denak Arrasateko eta bailarako herritarrengan eragin dezakeen mina. Horren jakitun, zuhurtziaz ematen ari gara pauso bakoitza, eta datuek berresten dute asmatzen ari garela.

Sare sozialak

Goienaren bitartez zabaldutako informazioak ere oihartzuna izan du sare sozialetan. Goiena, azken hilabetean 761 aldiz izan da aipatua ala bertxiotua Twitteren, bere kontutik egindako txioak eta aipamenak kenduta. Guztira @goiena kontuak 2.177 jarraitzaile ditu Twiterren eta horietatik, ia ehun, azken hilabetean irabazi ditu. Goienak Twiterren, hala ere, 17 kontu ditu, eta oro har, Goiena talde osoaren jarraitzaile kopuruen batutaketa 5.719koa da.

Euskarazko twitter jardunaren Umap.eu zerrendan 21. postua du gaur egun @goiena-k. Otsailetik hona, 42 postu egin ditu gora rankingean @goiena kontuak.

Jarraituko dugu informatzen Fagor Etxetresnen gainean eta, oro har, gurean gertatzen den edozeren gainean.

Erantzunak

Erantzuna | #1

Ez da batere zaila inoizko jarraituena izatea.....EGUNERO JARTZEN BAITUZUE PORTADAN!! Kulero berriak erosi ditudala egunero/minutuero/segunduero esan ezkero berri jarraituena izango litzateke. Estatistika ustelak....

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa