Wikipedia itxita gaur "pentsamendu aske bariko mundu baten" kontra

Jon Berezibar 2012ko urt. 18a, 13:55

Copyright urraketak dituzten edukiak eskaintzen ala lotzen dituzten webguneak itxiko dituen legea da S.O.P.A., gauzak asko aldatzen ez badira, Estatu Batuetan onartuko duten lege berria. Pribatutasuna eta adierazpen askatsuna kolokan ikusten dute dagoeneko askok eta askok eta protesta eguna deitu dute gaurko eta Wikipedia eta Reddit webguneen itzalaldia egingo dute. Ingelesezko Wikipedia 24 orduz itxita dago, mezu honekin: "Imagina ezazu pentsamendu aske bariko mundu bat". Facebook, Google eta Twitter ere batu dira protestara baina ez dute zerbitzua etengo. Lege hau kosta ahala kosta onartzearen alde daude Robert Murdoch handikia (Fox) eta Estatu Batuetako Zinematografia Elkartea errepublikarren indar guztiarekin.

Mozilla, Electronic Frontier Foundation eta Free Software Foundation dira protesta egunaren eragile nagusiak eta oso kolokan ikusten dute aurrerantzean adierazpen askatasuna sarean. Are gehiago, ekonomiarentzat ere kaltegarria den neurria dela diote, Interneteko enpresa hasiberriei traba asko jarriko baitie lege berriak. Gobernuak, azken finean, zuzenean blokeatu ahal izango ditu zenbait webgune, copyright urraketak argudiatuz. Berez, legetasmoa dagoenetan, urraketa egiten duten link batzuk nahikoa lirateke, webgune oso bat ixteko. Urrunago ere badoaz neurriak onartzekotan eta  sare sozialak ez dira salbuesten eta gobernuak e-posta zerbitzu-emaileetara arte jo lezake, link "ilegalak" zabaltzea galarazteko.

Momentuz, bai senatuan zein ganbera nagusian errepublikarrek gehiengoa dute Estatu Batuetan eta oso litekeena da beste barik aurre egitea legetasmoak.

 

Zer da S.O.P.A.?

Stop Online Piracy Act izenari erantzuten diete S.O.P.A. siglek eta urrian Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberan errepublikarrek aurkeztutako legetasmoa da. Helburua da egile eskubideen jabeek Interneteko edukien trafikoaren aurrean kontrol eta ahalmen gehiago eduki ahal izatea, diotenez, egile eskubideak babestu eta defendatzea bilatuta, betiere.

Baina asmo eta babesez haratago, legea onartuz gero Internetek egun duen egituran eragin zuzena izango luke egitasmoak eta Estatu Batuetako lege bat izanik, mundu osoari eragingo lioke ondorioz eta zuzenean. Lege berriak Justizia Departamenduari eta egile eskubideen jabeei zuzenean epaileengandik webguneak ixteko aginduak eskuratzea ekarriko luke. Ez bakarrik hosting-a (gunea zerbitzari baten ostatutzea), legea interneteko kobratze-guneetan sar daiteke, jabeen fondoak izoztuz, publizitatea blokeatuta edo bilatzaileei gune horietara doazen loturak ezabatzeko agindu.

Zigorrak ere ez dira edonolakoak, eskubide barik eskainitako 10 abestirengatik ala film batengatik bost urteko espetxe zigorrak plantetzen baititu legetasmoak.

Guzti hau kontrolatzeko, noski, gobernuak pribatutasun neurriak aldatu beharko lituzteke eta hori ere aurreikusten da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak