Lehiaz arduratzen den Batasuneko sailak heldu dio gaiari eta ikerketaren fase goiztiarrean dabiltzanez, ez ei dituzte susmotsu zaizkien herrialde edota enpresen izenak zabalduko eta frogen bila dihardutela oraindik. Hain justu ere, susmopean diren enpresen izenak erakundeek barik 01net.com webak ezagutarazi ditu. Azaltzen dutenez, atzo goizean Batasuneko ikertzaileak joan zitzaizkien Albin Michel argitaletxeakoei, zuzendari eta haien laguntzaileen txosten, ordenagailu eroangarri zein mugikorren eske. Arratsaldean aitaturiko beste bi etxeetara joan ziren agenteak eta baita Gallimardera ere.
Frantziako legea, batzuen babes eta besteen traba
Aferari buruz iritzia plazaratzen lehen kaltetua Albin Michele argitaletxeko presidentea den Francis Esménard izan da eta gainera guztiaren atzean Amazon dagoela salatu du. Esménardek esan du “balizko hitzarmen bati buruzkoa” dela ikerketa baina “aurkituko duten gauza bakarra” izango dela “agintariekin eginiko hitzarmenak liburu elektronikoaren prezio bakarraren gainekoak” ze, hain zuzen, Frantziako legearen arabera, editorial bakoitzak eskubidea du tarifak nahierara ezartzeko eta liburu-elektroniko saltzaileek errespetatu beharrekoa – Frantzian egon zein ez, Frantziara saltzen badute bete beharrekoa. Neurri hori ez ei da banatzaile digital handien oso atsegineko eta horregatik dio Esménardek “operazioa Amazonetik telegidatua” dagoela. Are gehiago, Albin Micheleko presidenteak dio Amazonekoak “Luxemburgen kokatu” direla Frantziako zergei izkin egiteko “eta liburuak nahi duten prezioan saldu ahal izateko, Estatu Batuetan egiten duten bezala, best-sellerrak 9,90 dolarretan eskainiz. Baina ez dituzte gure fitxategiak izango!”, dio Esmérandek.
Europar Batasuna ez da gainera lehia askearen aurka gisa horretako akordioak jazartzen dabilen herrialde bakarra ze Erresuma Batuak ere antzeko prozesua abiatu zuen orain hile batzuk.