Ume-loditasunean ere, hobe da prebenitzea sendatzea baino

Leire Kortabarria 2011ko urt. 27a, 01:00

Umeen loditasuna arazo bihurtu da Debagoienean ere. Zorionez, ez da arazo orokorra, baina bai arreta merezi duena. Hain zuzen, Debagoieneko Ospitalearen datuen arabera, Espainian egindako ikerketek diote haur loditasunak %13,9ri eragiten diela, eta gehiegizko pisuak eta loditasunak, denetara, %26,3ri.

Hori ikusita, iazko otsailean martxan jarri zen, Debagoieneko Eskualde Ospitalean, Pediatria sailean, Loditasun Klinika. Bada, epe horretan, 52 pazienteren eta euren familien konpromisoa lortu du; horietatik 15, bakarrik azken hilabetean. Urte horretan, pazienteon gorputz-masa indizea eta gantz portzentajea txikitzea lortu dute.

Daniel Jimenez-Villarreal pediatrak, klinikako zuzendariak; Lissete Delgado haur-gastroenterologoak; Cristina Letamendi erizainak; eta Laura Alutiz dietistak osatzen dute Loditasun Klinikako lantaldea, eta euren helburua da ume eta gaztetxoei zein euren familiei laguntzea, elikadura eta ariketa ohiturak aldatuta, ume edo gaztetxo horren loditasun arazoa ekiditzen edo, are hobeto, prebenitzen. Zuzendariak, endokrinologian espezializatutako Daniel Jiménez-Villarreal pediatrak, balorazio ona egiten du: "Klinikak 52 gaixoren atxikimendu konprometitua lortu du, eta euren familiena ere bai. Pazienteak eta familiak tratamenduarekin bat egitea oso garrantzitsua da, izan ere, pazientea gustura ez badago, ez dugu helburua lortuko; eta familiak bat egitea da garrantzitsuena, umearen elikadura gurasoen esku dagoelako", azaltzen du.

Jarraitzeak saria dakar

Familia batek klinikara jotzen duenean, lehenengo ume edo gaztetxoarekin egoten dira eta berarekin berba egiten dute: "Umea gustura egon dadin saiatzen gara, komunikazioa irekitzeko. Zer jaten duen galdetzen diogu", esaten du zuzendariak. Familia-medikuak analisiak bidali izana da aukera bat; bestela, egin egiten dizkiote.
Handik aurrera, hilero-hilero joatera konprometitu behar da pazientea. Hau da: tratamendua programa bat da eta pazientea eta bere familia horrekin konprometitu behar dira. Izan ere, emaitzak ez dira berehala lortzen, eta elikadura kontzientzia aldatzeak eta jokaera moldatzeak denbora bat behar dute. Horregatik, ezinbestekoa da kontrol zurruna.

Eta ohiturak aldatzea "asko kostatzen" dela esaten digu Jimenez doktoreak; uste baino gehiago kostatzen da: "Benetan zaila da elikadura-ohiturak aldatzea. Umearen familiaren menpe dago aldatzea", esaten digu.
Zailtasunak zailtasun, paziente gehienek tratamendua jarraitzea erabakitzen dute, eta oso kasu gutxitan erabaki dute bertan behera uztea. Jarraitzen dutenek euren saria jasotzen dute, eta gantz edo grasa txikitzea oso garrantzitsua izaten da pazienteendako, "emaitza ukigarria" delako, diote arduradunek.

Ohitura txarrak

Gero eta ume lodi gehiago dago. "Azken urteotan portzentajea bikoiztu ere egin da", esaten du Jimenez-Villarreal doktoreak. Arrazoiak hauek dira: "Bizimodua aldatu egin da. Mediterranear dieta alde batera utzi dugu eta janari lasterretara gero eta gehiago jotzen dugu". Eurek ikusi dituzten kasuetan ere, horiek dira kausak: "Badaude beste kausa batzuk; %1en, arazo organikoengatik sortzen da loditasuna, dela hipotiroidismo bat, dela sindrome jakin bat. Gure klinikan, horrelako kasu bat ere ez dugu jaso orain arte; kasu guztietan, ohiturengatik sortzen da arazoa".

Tratamenduak "bi zutabe" ditu, klinikako zuzendariak dioenez: "Umea beste modu batera elikatzea, eta ariketa fisiko gehiago egin dezan; kalean jolas dezan, futbolera joka dezan, adibidez, eta ez dezan eman hainbeste denbora telebista aurrean edo bideo-jokoekin. Horrela, umeak ez ditu gastatzen dituen baino kaloria gehiago izango", azaltzen du.

Baina zeintzuk dira zehazki elikadura-ohitura txar horiek? Litxarreria larregi jaten dute umeek? "Bai, jaten dituzte; baina gehiago da ohituren kontua. Jolas egitea ahaztu dute, gutxiago mugitzen dira… Eta garrantzitsuena da etxean denok ondo jatea", esaten dute Loditasun Klinikan.

Aretxabaletan, osasuntsu

Loditasuna izurritetzat jotzen du gaur egun Osasunaren Mundu Erakundeak. Horretaz arduratuta, Aretxabaletako anbulatorioan urte asko daramatzan Arantza Landaluze erizainak ikerketa bat egin zuen 2009. urtean zehar, Igone Zubizarreta erizainak lagunduta. Aretxabaletako 4, 6, 10 eta 14 urteko neska-mutikoen gorputz-masa indizea kalkulatu zuen (pisuaren zifra, kilotan, zati altuera, metro koadrotan) eta hainbat modutara aztertu zituen neurketak. Bere ikerketa Elkar Ezagutu delako Erizaintzan Ikerketa eta Berrikuntzako IV. Jardunaldian aurkeztu zuen azaroan. Zergatik egin zuen galdetuta, hauxe dio: "Herrialde garatuetan, kasu askotan, haurren loditasuna hirukoiztu egin da; eta gure herrian arazo horrek duen eragina jakin nahi genuen".

Igone Zubizarreta eta Arantxa Landaluze, egin duten ikerketa-lanarekin.

Landaluzeren esanetan, "loditasuna faktore askotako gaixotasun kronikoa da, eta tratamendu zaila du". Hala ere, umeen kasuan, "zailagoa" da jakitea umea noiz dagoen lodi: "Gizentasuna markatzen duen gorputz-masa indizea ez da berbera helduendako eta umeendako". Arantza Landaluzek hauxe dio: "Prebenitzeko egiten dugu lan. Umearen gorputz-masa indizea larregizko pisua markatzen hasten denean, orduan zuzendu behar da".
Bada, ikerketaren ondorioak oso pozgarriak dira: "2005ean, 4 eta 18 urte artekoei Euskadin egindako elikadura inkestaren arabera, %12,2 lodi zeuden; %15,9ek gehiegizko pisua zuten; eta %28,1ek neurriz gaineko pisua zuten. Aldiz, Aretxabaletan, 2009an 4 eta 14 urte artekoekin egindako ikerketaren arabera, %3,5 bakarrik zeuden lodi; gehiegizko pisua %8,9ek bakarrik zuten; eta neurriz gaineko pisua, %12,5ek". Hala, "Aretxabaletan, EAEn baino %71 ume lodi gutxiago dago, eta %44 ume gutxiago larregiko pisua dutenak". Horren zergatia da, bere esanetan, lehen mailan prebentzio ona egiten dela.

 

Daniel Jimenez-Villarreal | Pediatra: "Familiaren konpromisoarekin, hiru hilabetean emaitzak ikusten dira"

Daniel Jiménez-Villarreal, pediatra eta loditasun klinikako zuzendaria.

Daniel Jimenez-Villarreal Eskualde Ospitaleko Pediatria saileko loditasun klinika zuzentzen du. Bere esanetan, "tratamendua zaila da, baina gaixotasuna gainditu egin daiteke".


Zelakoak dira zuen pazienteak?
Gehienak aurre-nerabeak dira; eta mutil eta neska kopuru oso antzekoak ditugu.


Zelakoa izaten da pazientearekiko lehen harremana?
Lehenengo, berriketalditxo bat egiten dugu berarekin; erizaina eta dietista ere egoten dira. Gustura sentitu dadin saiatzen gara, eta tratamendurako komunikazioa irekitzen, bere konfiantza irabazten eta tratamendua egin dezan konbentzitzen; hori pauso handia da. Bere jateko ohiturak, zer jaten duen… ere galdetzen diogu. Pazientea gurasoekin dator, eta gero eurekin ere egoten gara, izan ere, familiak tratamenduarekin bat egitea ezinbestekoa da.


Zergatik?
Umearen dieta ez duelako berak erabakitzen, gurasoek baizik. Horregatik, umearen elikadura-ohiturak aldatzea oso zaila da.


Ze kausa nagusi izaten du loditasunak zuek ikusi dituzuen kasuetan?
Denek dituzte elikadura-ohitura desegokiak: ordutegitik kanpo jaten dute, eta askotan, janari lasterrak egiten dituzte; behar baino ariketa gutxiago egiten dute; telebistaren aurrean edo bideo-jokoetan luzaroegi egoten dira…


Ez dituzte bestelako kausak izaten?
Orokorrean, loditasun kasuen %1 kausa organikoengatik sortzen dira. Hala ere, guk orain arte ikusi ditugun kasuetan, ez dugu horrelakorik izan.


Zer behar da tratamendua ondo joan dadin?
Pazientearen eta familiaren konpromisoarekin, hiru hilabetean emaitzak ikusten dira. Arazoaz jabetu behar dira, eta tratamenduan jarraitu, pisua gal dezaten eta ez dezaten berriz ere hartu. Bestela, tratamendua oso ardatz gutxitan datza: mediterranear dieta jarraitu eta ariketa egin. Jakin behar dute ez dela ezinezkoa gaixotasun hori gainditzea.


Ze ondorio ditu ume-loditasunak?
Berehalakoan, autoestimu txikia, isolamendu soziala, arnasketan eta hezurretan arazoak, diabetesa… eragin ditzake. Epe luzean, loditasuna iraunkor bihurtzen da askotan. Umetan lodi izan dena, kasu askotan heldua denean ere lodia izaten da.


Otsailean urte bete egingo du loditasun klinikak. Zeintzuk dira zuen helburuak etorkizunera begira?
Orain dauzkagun pazienteekin lanean jarraitu gurako genuke, eta ume eta nerabe gehiagori lagundu.


Zer egin behar dute familiek loditasun klinikara etortzeko?
Zuzenena da Lehen Arretako osasun zerbitzuen bidez etortzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak