Tabakoaren Legea urratzeagatik EAEn ez dute oraingoz zigorrik jarriko

Goiatz Arana Begiristain 2010ko abe. 22a, 13:11

Espainiako Kongresuak atzo, martitzena, onartu zuen lege berria, urtarrilaren 2an jarriko da indarrean eta EAEn ere izango du eragina. Jaurlaritzak ezingo du zigorrik jarri bere lege propioa onartu arte, ordea, eta hori ez da izango otsaila baino lehen.

Espainiako Kongresuak onartu egin zuen  atzo 2005eko Tabakoaren Legea aldatzea; Senatuak egindako zuzenketa gehienak atzera bota eta duela bost urteko arauak onartzen zituen salbuespen gehienak kendu ditu. Aurreko legearekin jatetxe eta tabernetan erretzaileentzako guneak egokitu zituzten ostalariak nolabait saritzea ere baztertu egin du Kongresuak.

30 eurotik 600.000ra arteko zigorrak

Zigorrei dagokienez, urtarrilaren 2tik aurrera, Tabakoaren Legearen urratze arinak 30 eurotik gorako isunekin zigortuko dira, urratze larriak 10.000 euro artekoekin, eta oso larriak direnek 600.000 euroko isunak jasoko dituzte gehienez.

EAEn eragina bai; zigorrik ez, oraingoz

Atzo onartutakoa oinarrizko legea da eta, ondorioz, Hego Euskal Herrian ere eragina izango du urtarrilaren 2tik aurrera. Ordea, autonomia erkidegoei dagokie lege hori garatzeko eta betearazteko arauak onartzea. Eusko Legebiltzarra EAEn indarrean jarriko den legea lantzen ari da gaur egun, baina onartzen duen arte Eusko Jaurlaritzak ez du zigorrik jartzeko aukerarik izango.

Dena den, zigorrik jarriko ez duen arren, lege berriaren jarraipena egingo dutela gogorarazi du Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako sailburuak, eta gaineratu Tabakoaren Legearen urratzeen salaketak jasotzeko "tresna guztiak" indarren jarriko dituela.

Bitartean, Eusko Legebiltzarrak aurrera jarraituko du legea onartzeko izapideekin. EAEko Tabakoaren Aurkako Legea ez da Eusko Jaurlaritzak nahi zuen bezain azkar onartuko, ordea; Espainiako legea indarrean sartzen zen egun berean ezartzeko asmoa zuen arren, 2011ko otsailera arte itxaron beharko du gutxienez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak