Mila Elorza: "Angiozar erreka luzerako zikindu digute, hori ere interes orokorraren izenean"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko urt. 17a, 16:07

Martitzen goizean Angiozar erreka zikin zetorrela igarri zuten, "beste behin", Angiozar bailarako bizilagunek. Isurketaren eta AHTko lanen ondorioen inguruan berba egiteko Angiozarren egin du hitzordua GOIENAk bertako alkate Mila Elorzarekin: "Angiozar erreka luzerako zikindu digute eta esango digute hori ere interes orokorraren izenean dela. 30 urte daramatzagu esaten azpiegitura honek ez duela ez hanka ez buru".

Abiadura Handiko Trena egiteko lanen ondorioak egunerokoan ari dira pairatzen Angiozarren. Azken hilabeteotan etenik ez duen obra da, zarata handia eragiten duena egunez eta gauez, eta horrez gain, obrak hasi aurretik beti garbi egon den Angiozar erreka urte luzetarako zikindu dutela salatu dute. Atzo, martitzena, errekak kolore gris nabarmena zuela esnatu ziren bizilagunak eta argazkiak bidali zituzten komunikabideetara. Angiozarko alkate Mila Elorzak dioenez, egun batzuetan urak dagokion kolorea berreskuratu arren zikinkeria azpian geratuko da.

Araztegiak gainezka egin

Badira urte batzuk Angiozar Bailarako Batzarrak isurketak salatu ostean araztegi bat jarri zutela obretan. Horrek ahalbidetu du, Elorzaren arabera, egunerokoan isurketak nahiko kontrolatuta egotea baina euri apur bat egiten duenean gainezka egiten duela dio.

Jaurlaritzan, URA agentzian eta beste administrazio batzuetan jarri izan dituzte salaketak, azkena urtarrilean bertan isurketak eta obrek Goimendiko iturburua lehortu dutela salatuz, baina erantzuna beti izaten da antzerakoa.

Eta Angiozarko tarteko lanak noiz bukatuko ete diren galdetuta, itxaropen handirik ez dute bailaran.

"Eskaera txikien" aurrean, "hainbat oztopo"

Era berean, haserre daude Angiozarren eskaera txiki bat egiten dutenean hainbat oztopo jasotzen dituztelako, Madril eta Paris lotu nahi dituen proiektua egiteko dirua etengabe ari direla xahutzen baina gero beheko baserri bat  goiko baserriko batekin lotuko duen bidexka bat egiteko arazoak besterik ez dituztela aurkitzen administrazioan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak