Luciana Alfaro: "Inor ezin da integratuta sentitu baztertzailea den gizarte baten"

Miren Arregi Amasorrain 2023ko api. 5a, 09:00

Luciana Alfarok duela hamabost urte erabaki zuen Peru utzi eta Bergarara etortzea. "Hemengoa den bikotekidearekin bizi ahal izateko etorri nintzen hona, baina hasieratik topo egin nuen migrantearekiko kudeaketa arrazista eta kolonialarekin".

Turismo-bisa lortzeko baldintza guztiak betetzen zituen arren, ukatu egin zioten: "Azkenean, hainbat saiakeraren ondoren, etxeko langile gisa lan egiteko kontratu baten bitartez eman zidaten bidaiatzeko baimena. Adibide horrekin oso garbi ikusten da kudeaketa arrazista dagoela oinarri-oinarrian".

Arrazismoaren kontra, feminismotik

Hona iritsi zenetik, haren borroka arrazakeriaren kontra eta borroka feministaren testuinguruan garatu du. Aktibista feminista da Alfaro, eta, Debagoienean Emakumeen Mundu Martxari esker kolektibo feministaren sare interesgarria eratu dela badio ere, uste du asko dagoela egiteko. "Pertsona migranteok aukera berak ditugu alokairu bat eskuratzeko? Aukera berak ditugu garbiketa eta zaintzara bideratuta ez dauden lanak eskuratzeko? Zein baldintzatan lan egiten dute zaintzan diharduten pertsona migranteek? Hezkuntza sistemak berdin tratatzen ditu pertsona migranteen seme-alabak?", galdetzen du. Alfarok nabarmendu du hemen oso onartutako sistema arrazista dagoela oinarri-oinarrian: "Ondorioz, badakit ez ditudala hemen jaio den pertsona batek dituen eskubide berberak". Horregatik guztiagatik uste du inor ezin dela integratuta sentitu "baztertzailea den gizarte batean, besteak desberdintzat jotzen dituen eta besteei entzuten ez dien gizarte batean". "Hori horrela den bitartean, nahiago dut horrela jarraitu, integratu gabe".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak