Mozioak aurkezteko prozedurak banandu, Harrotasun Egunak elkartu

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko eka. 27a, 15:43

Ekaineko ohiko osoko bilkurako une bat.

Irabazik bi mozio aurkezteko erabilitako prozedurak eragin zuen eztabaida gehien Bergarako ekaineko ohiko osoko bilkuran. Bestalde, EH Bilduk LGTBI+ kolektiboaren eskubideen aldeko mozioa aho batez onartu zen; alderdi politiko guzietako ordezkariek bat egin zuten biharko manifestazioarekin.

Gai ordenari erreparatuz, alkatearen jakinarazpenen barruan esker on hitzak izan zituen beste behin Elena Letek. Pentekosteen antolakuntzan aritu ziren eragileei eskerrak eman zizkien, eta baita eguraldi txarrari aurre eginda kalera irten ziren bergararrei ere. Gainera, ekainaren 17ko Leire Martinen aldeko jaialdian Bergarako herriak eman zuen "erantzun bikaina" ere azpimarratu zuen.

Edukiaz baino, prozeduraz eztabaidatzen

Eztabaida, baina, mozioetan zentratu zen bereziki. Irabazik aurkeztutako bi mozioetan aritu ziren eztabaidan, eta edukietan baino gehiago prozeduran zentratu ziren. Saharako errefuxiatuen eremuetara larrialdirako laguntza bidaltzearen aldekoa zen mozio bat, eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren erreformaren aurkakoa bestea. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako kontseilari Beatriz Artolazabalek hedabideetan egindako adierazpenak salatu zituen Irabazik bereziki, 650 euroko diru sarrera bizitza duina bermatzeko adinako kopurua dala esan zueneko interbentzioa, hain justu. Mozioak onartu ziren EH Bilduren eta Irabaziren aldeko botoekin, baina EAJ eta PSE-EE abstenitu egin ziren.

Hala ere, eztabaida bizia izan zen gobernuaren eta oposizioaren artean; gobernuak gainerako taldeekin aldez aurretiko lanketa bat egitea eskatu zion Irabaziri eta hori egin ezean aurrerantzean ere aurkezten dituzten mozioetan abstenitu egingo direla adierazi zuten. Irabaziko bozeramaile Aiert Lizarraldek, aldiz, mozioa erregistratzeko prozedura legala izan zela nabarmendu zuen eta gobernuari leporatu zion, besteak beste, behin eta berriz oztopoak jartzea.

EH Bilduren arabera, gobernuaren estrategia izan zen prozeduran zentratzea, mozioetan eskatzen zenaren inguruan jarrera bat hartzea ekiditeko. Oposizioko talde nagusiaren ustez, "tristea" da prozedura salatzea bakarrik mozioko edukiaren inguruan eztabaidatzen sartu barik.

LGTBI+ kolektiboaren alde aho batez

Mozioekin amaitzeko, EH Bilduk LGTBI+ kolektiboaren alde aurkeztutako mozioa aho batez onartu zen. EH Bildu poztu zen bereziki mozioak ibilbidea izango duelako aurrerantzean. Izan ere, mahai bat osatzeko konpromisoa hartu zen atzoko bilkuran. Gobernuak, EH Bilduren mozioa aurkezteko prozedura txalotu zuen, aldez aurretik eurekin gaia lantzeko borondatea izan zutelako. Kolektibo horretako Mireia Gallastegi eta Aritz Oteiza izan ziren bilkuran eta hitza hartu zuten amaieran. Mozioa aho batez onartu izana eta aurrerantzean gaia lantzen joateko mahai bat osatzeko konpromisoa eskertzeaz gain, erdigunean ostadarraren koloreko zebrabidea jartzeko ezintasunaren inguruko azalpenak eskatu zituzten –Agorrosin Kirol Gunearen kanpoaldean margotzeko baimena eman zuen Udalak; domekan margotu zen–, besteak beste.

Kaleko kartelak eta pankartak ere berbagai

Bilkuraren amaieran, galdera eta eskaeren tartean, EH Bilduk Pentekosteetan txosnaguneko zenbait kartel eta pankarta kendu izana salatu zuen. "Udalak bat egiten duten aldarrikapenak dira; eraso sexisten aurrean nola jokatu azaltzen zuen pankarta bat, kontsumo ereduen inguruko beste bat... Jai batzordean adostu zen mezu iraingarririk zuen pankartaren bat balego Xaxauk berak kenduko zuela", esan zuen EH Bilduko Leire Iruinek. EAJko Maite Agirrek erantzun zion esanez, besteak beste, ez zela agindu berezirik eman pankarta horiek kentzeko: "Ez zen agindurik eman, inondik inora. Baina aldez aurretik ez zen adostu kartelak jarriko zirenik". Gaia Obra eta Zerbitzuetako batzordean argitzeko geratu ziren. Gainera, EH Bilduk udalbatzaren aurrean salatu zuen jaietan txosnetan izandako lapurreta.

Bukaeran, herritar batek hartu zuen hitza eta salatu zuen kalean "alde bateko mezua" duten kartelak bakarrik kentzen dituela gobernuak.

Erlazionatuak

Ekaineko osoko bilkura argazkitan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017 eka 27 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak