"Helburua da kirolari, guraso eta elkarteko guztiok denboraldiari elkarrekin ematea bukaera jai giroan eta lortu dugu", jakinarazi du Iosu Elortzak. Eta egindako denboraldiarekin ere pozik agertu da: "Kirol arloari dagokionez oso ondo joan da bai mutiletan, bai nesketan. Eta geu ere ondo gabiltza, elkartea aurrera ateratzeko lanean dihardugu eta gustura".
Egubakoitzean hasitako egunak osagai asko izan ditu: jatekoa eta edatekoa, zumba saioa, futbol jolasak, mus eta mahai-futbol txapelketak eta kontzertuak. Denboraldiko kirolari onenek, gainera, sariak jaso zituzten atzo egindako ekitaldian.