Bergarako udal webgunea berritu dute, "herritarrengandik gertuago egoteko"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko mai. 8a, 17:57

Bergarako Udalak webgune berritua du gaurtik, maiatzak 8. Elena Lete alkateak aurkezpenean azaldu duenez, erabiltzaileentzat erakargarriagoa egin eta bergararrei zerbitzu hobea emateko asmoz sortu dute, "herritarrengandik gertuago" egoteko. Nobedadeak ditu, tartean alkatearen agenda bistaratu izana; Netkam enpresak garatu du webgune berritua.

Alkatearen arabera, aurreko webgunea zaharkituta zegoen eta ez zen bateragarria egungo teknologiekin: "Gunea berritu egin da, erabiltzaileentzat erakargarriagoa egin eta herritarrei zerbitzu hobea emateko asmoz. Hala, itxura aldatu zaio eta gailu elektroniko guztietara egokitua dago orain". Izan ere, webgune zaharra ordenagailuan bakarrik zen erabilgarria.

Alkatearen hitzorduak

Elena Letek gaineratu duenez, Udaleko "informazio guztia" herritarren eskura uzten du webgune berrituak. Horrekin lotuta, gardentasunaren ataria aipatu du alkateak: "Bergararrek Udalean egiten den guztia jakiteko eskubidea dute, eta bide horretan pauso garrantzitsu bat eman da".

Eta, gardentasunaren harira, alkatearen beraren agenda bistaratu dute: "Astean zehar ditudan hitzorduak ikusteko aukera izango dute herritarrek, eta hitzordua eskatzeko aukera ere izango dute. Udalaren eta herritarren arteko distantzia handia izaten da normalean eta guk distantzia hori klik baten jarri nahi izan dugu. Ez dago hori baino distantzia motzagorik".

Beste atari batzuk berritzeko asmoa

Maite Agirre alkateordeak webgune "dinamikoa eta erraza" dela nabarmendu du eta tresna berri hori "indartsu eta bizi" mantentzea izango da orain erronka: "Komunikazioa ezinbestekoa da Udalaren eta herritarren artean". Hurrengo urratsen artean, besteak beste, herriko kultura taldeen zerrenda eta informazioa zintzilikatuko dute eta Udalaren ardurapean dauden gainerako web orriak –Agorrosin, turismoa, artxiboa...– ere berrituko dituzte. "Aldaketa eta berrikuntza guztiak bergararren gustukoak izango direlakoan gaude, helburu horrekin egin dugu-eta. Horregatik, webgune berria probatzera animatzen ditugu", amaitu du Agirrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak