Txondorraren tradizioa berreskuratuko dute Elosuan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko mai. 5a, 18:00

Bergarako Elosua auzoko bizilagunek txondorra egiteko tradizioa berreskuratuko dute; hainbat hilabete iraungo du egitasmoak. Egitura bisitatzeko aukera izango dute ibarreko ikastetxeetako ikasleek, antzinako ikazkinen jardunera hurbilduta

Egitasmoaren oinarria afari bateko ideia zaparradan badago ere, egunotan ahoz aho dabil Elosuko txondorraren existentzia. Hori ez litzateke posible izango, ideia serio hartu, eta auzotarrek auzolanari ekin ez baliote. 40 auzotar inguru ditu Elosuak. "Txondorrekin jarduten zuten antzinako ikazkinek egin diote bultza proiektuari; gainerakook ahal bezala lagundu dugu", dio Iñigo Zubeldiak, Elosuko auzo-alkateak.
Txondorgileengandik berreskuraturiko jakintza belaunaldi berriei helarazi gura diete auzotarrek; eremua bisitatzeko aukera eskaini zaie ikastetxeei. "Antzinako ikazkinen jarduna gertuagotik ezagutzeko aukera izango dute ikasleek", dio Elosuko auzo-alkateak.

Oraingoz, txondorra zainduko duen pertsonarendako bizitokia –txabola– besterik ez dute eraiki; txondorra bera astearen amaieran egitea espero dute. Ondo bidean, hiru egunen buruan amaituko dute egitura. "Txondorra pizten den momentutik, une oro jardun beharko dugu hura zaintzen; besteak beste, erre ez dadin", azaldu du Zubeldiak. Guztira, hogei egunez egongo da sutan.

Amaiera egunarekin jaio da

Esan bezala, txondorrak aintzat hartu beharreko lana dakar, gau eta egunez zaindu behar baita. Hori horrela, bertatik ikatza atera ostean emango zaio amaiera egitasmoari; ekainaren 21ean aterako dute ikatza, jai giroan.

Dena den, egitasmoak izandako oihartzuna ikusirik, asmoak ugaritu zaizkie bultzatzaileei. Esaterako, dokumental bat egingo dute, txondorgileen istorioak berreskuratu guran. "Interesgarria da txondorgileen historia. Elosuan, adibidez, txondorrak diru-iturri esanguratsu ziren auzotarrentzat, baldintzek eraginda, zaila baitzen lursailetatik dirua ateratzea.".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak