Muskulu-atrofia espinala duen Leire Martin bergararrari laguntzeko lanean

Maite Txintxurreta 2017ko api. 5a, 15:16

IGAM taldeak buru belarri dihardu Muskulu-atrofia espinala dutenen FundAME elkartearentzat eta Leire Martin neskatila bergararrarentzat dirua batzeko ekimenak antolatzen. Zozketa txartelak eta kamisetak atera dituzte, eta ekainaren 17an egingo duten jaialdi handirako prestaketekin ere hasi dira. Horrez gain, Erramu Zapatuan ere kalera aterako dira.

Leire Martinen aldeko txartelak salgai daude herriko hainbat komertzio eta tabernatan (prezioa: 2 euro), eta kamisetak, berriz, Bule eta Depor tabernetan (helduenak 12 euro, umeenak 10). Erramu zapatuan kalera ere aterako dituzte. Hala, Irala kalean postutxo bat jarriko dute, eta Fraiskozurin San Martin Herri Eskolak jarriko duen txosnan ere izango dituzte salgai. Horrez gain, dirua batzeko kortxoekin joko bat ere egingo dute, non parte hartzaileek asmatu beharko duten kutxa garden baten barruan zenbat kortxo dauden. "Batutako dirua FundAME fundazioari eta Leireri laguntzeko izango da", azaldu du IGAMeko Jon Ander Garitanok.

Egunotan Bergarako talde eta aurpegi ezagun askok erakutsi diote babesa FundAMEri eta Leireri, eta berak ere "ingurukoen babesa" igarri duela dio, eta argazkiok ikusteak "ilusioa" egin diola.

Sendabidea, gertuago

Muskulu atrofia espinala endekapenezko gaixotasuna da, denboran aurrera egin ahala okerrera egiten duena. Hamar mila pertsonatik bati eragiten dio, eta gaixotasun arraro bezala katalogatuta dago; Gipuzkoan adin txikikoen bi kasu baino ez daude.

Leireren ama eta FundAMEko Euskadiko koordinatzailea den Ana Pinedak dio bere alabak etxeko gauza askotarako laguntza behar duela. Hala ere, gaixotasun honen inguruko azterketak oso aurreratuta daude, eta sendabidea inoiz baino gertuago dago. “AEBetan dagoeneko onartu dute tratamendu bat eta orain, Europara iristear dago, azaldu du Pinedak. Hala, Europan oniritzia ematean Espainiar estatura iritsiko da, eta bertan erkidego bakoitzak kudeatu beharko du. "Hori borroka handia izango da, baina egin beharrekoa", dio Pinedak.

Bada, sendabide hori iritsi bitartean izaten ari den laguntza nabarmendu gura izan du Ana Pinedak. “Ez dakit nola eskertu horrenbesteko elkartasuna. Herria asko inplikatzen ari dela eta elkartasun handia jasotzen ari direla dio.

Ekainaren 17ko jaia

IGAMekoek ekainaren 17an ospatuko duten elkartasun jaialdira begira abiatu dute txartel eta kamiseta salmenta hau. Jon Ander Garitanok egun horretarako dituzten asmoen nondik norakoak azaldu ditu: "Goizean goiz Donostiatik Bergararaino etorriko gara oinez; Bolutik sartuko gara herrian, eta bertan zain izango ditugu batukadakoak, soinu eta panederojoleak, erraldoiak... Kalejiran frontoiraino joango gara, eta han herriko kultura taldeekin jaialdi bat egingo dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak