Eusko Jaurlaritza tokiko osasun sareen osaketa bultzatzen ari da herrietan eta Bergaran hasi dira osasun arloko elkarte eta eragileen arteko sarea osatzen. Indarrean dagoen 2013-2020 osasun planean azaltzen da osasun komunitarioa lantzea oso garrantzitsua dela, eta baita ere esaten da pertsona bakoitza dela bere osasunaren arduradun.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariorde Elena Albisuak aurkezpenean adierazi zuen osasunaren definizioa gaur egun ez da hain sinplea, lehen esaten zela osasuna gaixotasunik ez egotea zela. Baina, gaur egun, bere esanetan, osasuna beste kontzeptu askoz zabal eta globalagoa da; bertan kokatzen baitira osasuna, ongizatea eta baita ere osasunarekin lotuta dauden osasunaren mugatzaileak ere: “Ikusten dugunez, osasuna horren kontzeptu global eta zabala denez, ez da nahiko osasun asistentzialarekin hori lantzeko. Beharrezkoa da osasunari ikuspegi komunitariotik ekitea, eta horrek suposatzen du komunitateko eragile guztien lana beharrezkoa dela”.
Herriko elkarte eta eragileak
Horregatik, Bergaran egin dute dagoeneko herriko eragileekin lehen bilera. Bertan eragile hauetako ordezkariek hartu dute parte: ikastetxe guztiek, Jardun elkarteak, Caritasek, San Joxepek, Aspacek, Martxanterak taldeak, Pol Pol taldeak, Bergarako Kirol Elkarteak eta baita Kattalin elkarteak ere.
Horren harira, hauxe azaldu du Elena Lete alkateak: “Hasiera izanik, sare txikia izatea pentsatu dugu, txikia baina eraginkorra. Hala, lehen abiapuntu bezala, sarean lan egiteko abantailak agertuko dira. Helburuak garbiak dira; eragileen arteko koordinazioa eta komunikazioa hobetu eta beharrezkoa ikusten bada, Bergarak alor honetan dituen beharrak aztertu. Azken finean, Bergarako dinamika eta funtzionamendua hobetu nahi dugu eta horretarako, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira”.
Alkateak gaineratu du tokiko osasun sareak ez duela helburu zehatzik izango, poliki-poliki sareak berak agertuko dizkiela herrian dauden gabeziak eta horiei aurre egiteko aukerak zeintzuk diren.
Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari gerente Andoni Arzelaik gaineratu du osasuna ikuspegi komunitariotik jorratzeko gida metodologikoa dela proposatzen dena eta osasun arloko profesionalen zeregina bigarren lerro batean gera daitekeela: “Osasun arloko profesionalen zeregina bigarren lerro batean gera daiteke, komunitateko beste agente batzuen jarduerak laguntzea baita helburua. Hori dela-eta, laguntzarik egokiena informazioa sortu eta helaraztea izan daiteke.”.
Pauso garrantzitsua ematera doaz, beraz, eragile eta erakundeen arteko elkarlanarekin, Bergara osasuntsuago eta zoriontsuago bat egiteko.