Kilometroak 2016 Bergara

'Kilometroak bidea' izeneko erakusketa ikusgai Aroztegin

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko ira. 21a, 09:19

Lopez de Aretxaga, Elortza, Egibar, Barruso eta Artola.

1977tik 2015era bitarte egin diren Kilometroak jaiaren 39 edizioetako argazki, irudi, lelo edota egunkarietan agertutako albisteak jaso dira. Aurten, urriaren 2an, berrogeigarrenez, Bergaran ospatuko den Kilometroak jaiaren aurreko edizioen, eta gizartearen beraren, bilakaera ikus daiteke erakusketan.

Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak egiten diharduen Kilometroak bidea hausnarketa prozesuaren testuinguruan kokatzen da erakusketa. "Azkenaldian bagabiltza Kilometroak jaiaren ereduaren gaineko hausnarketan eta erakusketa hau horren parte da. Izan ere, Kilometroak jaiaren protagonista izan direnen testigantzak, esperientziak, jasotzen ari gara-eta, prozesua aberasteko eta 2020 urtera begira gabiltza lanean, perspektiba hartuz, atzera begirakoa eginez, Kilometroak jaia berrasmatzen lagunduko digulakoan" adierazi du Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko Igor Elortzak.

Erakusketa irekia eta ibiltaria izango da. Eta, hala, hurrengo urtean Oñatira eroango dute, "Bergarako aurtengo edizioko argazkiak-eta gehituz" esan du Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak.

Zentzu honetan, Mikel Egibarrek, Kilometroak 2016ko koordinatzaileak esan du "artxibo historikoa berreskuratzeko ahaleginean", erakutsi nahi izan dutela orain arte batutakoa, baina "kapital historikoa berreskuratzen" jarraituko dutela, "prozesu irekia" delako.

Ekarpenak webgunean

Kilometroak bidea prozesuaren bultzagileek adierazi dute webgunea ere irekiko dutela eta webguneak irekia izan nahi duela, "jendearen ekarpenak jasotzeko eta eztabaida foro izan dadin". Horretaz gain, Kilometroak jai ezberdinen argazkiak, irudiak eta bestelakoak ere jasoko ditu webguneak: www.kilometroakbidea.eus.

Erakusketa grafiko "mamitsua"

Azkenik, Aitziber Lopez de Aretxaga Aranzadi Ikastolako lehendakariak adierazi du "ohorea" dela "erakusketa grafiko mamitsua" Bergaran izatea, Demasa Kultur Hamabostaldiaren barruan. Eta bergarar guztiak gonbidatu ditu urriaren 2ra arte Aroztegi aretoan izango den erakusketa ikusteko.

Honako ordutegia izango du: astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Eta igandeetan, 12:00etatik 14:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak