Bergarako San Martin jaiak 2016

Danborradarekin hasiko dira San Martin jaiak Bergaran

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko ira. 15a, 11:20

Iazko danborrada.

22:30ean nagusien danborradak piztuko ditu San Martin jaiak. Ondoren, Udal Musika Bandaren laguntzarekin, plazan, San Martinen errepresentazioa egingo dute, 23:30etik aurrera. Euri zaparradak iragarrita daude ordu horietarako.

Aurten zenbait berritasun izango dira. Besteak beste, lehenengo aldiz txosnagune bat jarriko dute Munibe plazan eta bertan egingo da herri bazkaria. Txosnagunea 18:00etatik aurrera egongo da irekita.

Danborradari dagokionez, sei konpainia berri izango dira, eta azken hamarkadako jendetsuena izango da. Lokatza txirrindularitza elkartearena, Demasa Kilometroak 2016ko konpainia, Birguerias eta Yankiwibat eta beste hiru gazte taldeenak.

Ibilbidea: Udal biltegia, Arruriaga, Masterreka, Bideberri, Fraiskozuri, Herrilagunak, Domingo Irala, Irizar, Barrenkalea, San Martin plaza, Bidekurutzeta, San Pedro, Artekalea, Arruriaga, Barrenkalea, San Martin plaza.

Danborradaren eta San Martinen errepresentazioaren ostean, Joselu Anaiak taldearekin erromeria egongo da San Martin plazan.

450 danbor eta barril jotzaile

Aurten, aspaldian ikusi ez den moduko parte hartzea izango du danborrak, kopuruari dagokionez. 450 bat lagun, emakumezko eta gizonezko, danborra edo barrila jotzen edo banderadun lanetan. Horretaz gain, beste 60 lagun San Martin Agirreren gurutziltzaketa antzezteko eta Udal Musika Bandako kideak.

Aurten sei taldek hartuko dute parte lehenengoz: Demasa (Kilometroak 2016 dela-eta), Lokatza (40. urteurrenean), Birguerias eta Yankiwibat, eta beste hiru talde Gazteak izenekoak. Horiekin batera, beste hauek, ohikoak: Barrikak, Pizzeriakoak, San Lokal, Zuloa, Urdinak, Aritzeta, San Joxepe, Danbarrada, Artatse eta Lasai Toki.

Euria iragarrita

Euskalmetek prezipitazio handi eta iraunkorragatik abisu horia iragarri du gaurko 21:00etatik 00:00etara. Euri pixka bat badago, ibilbide erdia egingo da, hau da, San Martin plazatik igaroko den lehenengo aldian bertan geldituko litzateke danborrada. Hala ere, zaparrada indartsua bada, bertan behera geldituko da danborrada, Udaletik azaldu dutenez.

Omenaldia Ramon Etxanizi

Ostiralean, irailak 16, 12:00etan omenaldia egingo zaio Ramon Etxanizi udaletxeko pleno aretoan. Aurreskuaren ostean alkateak alde batetik eta Erraldoi Taldeak eta Xamatzek bestetik hitz egingo dute. Gainera, txistulari taldeak Ramon Etxanizek konposatutako Gure ametsa pieza eskainiko du.

Erlazionatuak

Bergarako San Martin jaietako egitaraua

Maite Txintxurreta 2016 ira 08 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak