Bergarako jaiak 2016

Askorako eman du jaietako asteburuak Bergaran

Maite Txintxurreta 2016ko mai. 16a, 17:39

Gaurkoa ez da ohiko astelehena izaten ari Bergaran. Jaietan daude egubakoitzetik, eta gaurkoa egun handietakoa da, koadrilen eguna. Baina gaur bakarrik ez; egubakoitzetik, Bitorianatxo herrira jaitsi zenetik, askorako eman du Pentekosteetako asteburuak Bergaran. Atzegiko kide Gorka Rementeriak txupinazoa jaurti eta festak eztanda egin zuen.

Zapatuan ere goizean hasita egon ziren ekintzak. Seminarioko karpan, esaterako, haur eta gazteen Simon Arrieta plastika sariketaren hogeita hamaseigarren edizioa egin zuten. Artista gazteek pintzelarekin talentua badutela erakutsi zuten.

Era berean, Udal Pilotalekuan erraldoien gunea izan zen, umeendako puzgarri eta jolas parke eta guzti. Txikiak primeran ibili ziren jolasean.

Aurten, berrikuntza moduan, Txarli Gomez aretxabaletarra eta haren seme alabak etxean daukaten erraldoien figura txikien bilduma jarri dute ikusgai.

Jaioberriei ongietorria

Bestalde, azken urteotan bezala, iazko jaiak ezkero jaiotako txikiei ongietorria egin zieten Udaletxean. Jaioberriei zapia lepoan jarri eta guztiek batera, guraso eta aiton-amonekin, talde argazkia atera zuten.

Bakailao lehiaketa

Zapatuan ere, goizeko hamaiketan hasita, urteroko hitzordua izan ohi den bakailao lehiaketa izan zen. Parte hartzaileak fin-fin ibili ziren pil-pila gertatzen, eta epaimahaikideak ere guztiz prest denetan onena norena izango erabakitzeko. Herritar asko ere gerturatu zen elkartekideak animatu eta guztien lapikoak begiratu eta usaintzera.

Asteburuan ederki disfrutatuta, bi egun geratzen zaizkie oraindik bergararrei aurtengo pazkoei zuku guztia ateratzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak