Bergarako jaiak 2016

Bergara Hiriko txapela janzteko aukera gaur Zezeagarentzat

Julen Iriondo 2016ko mai. 16a, 14:11

Zezeaga bergararra, txapelketako partidu batean.

19:30ean hasiko dira finalak, Udal pilotalekuan. Promesa mailan Salaberriak eta Zezeagak eta Zubizarretak eta Arangurenek neurtuko dituzte indarrak; nagusietan, berriz, Santxok eta Gorrotxategik Urretabizkaia eta Murgiondoren kontra jokatuko dute. Bestetik, bihar Irribarria egongo da jokoan ikusteko aukera, profesionalen jaialdian.

Bergara Hiriko finalei dagokienez, pilota saileko arduradun Reyes Azkoitiaren arabera batak ere ez du faborito argirik.

Promesa mailan, txapelketako "bi bikote onenak" iritsi direla uste du, "kategoria honetan puntakoak diren lau pilotari": "Final ona izateko osagai denak ditu gaurkoak".

Azkena Rezusta izan zen duela hiru urte, eta aurten, berriz ere, bada aukera bergarar batek etxeko txapelketa irabazteko.

Nagusietan, berriz, hirugarren urtez txapela irabazteko aukera du Gorrotxategik. Aurkariak ere indar askokoak dira, ordea, eta "partidu gogorra" espero du Reyes Azkoitiak: "Murgiondo oso ondo dabil atzean".

Bihar profesionalak

Bihar, berriz, profesionalen jaialdia izango da Udal pilotalekuan, 17:00etan hasita. Eta bertan ikusteko aukera egongo da momentuko pilotaria, Iker Irribarria. Olaizola eta Bengoetxea kanpoan utzita, buruz buruko txapelketako finalerako sailkatu da Aramako pilotaria, 19 urterekin.

Irribarriak Rezustarekin jokatuko du, gainera; kontrario izango dituzte Ezkurdia eta Zabaleta. Estelarraz gain, beste bi partidu ere izango ditu jaialdiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak