Bergarako jaiak 2016

Hainbat nobedade dakartza Pentekosteetako txosnaguneko egitarauak

Maite Txintxurreta 2016ko api. 28a, 16:11

Elektrotxaranga duela bi urteko jaietan

Gutxi falta da honezkero Bergarako Pentekoste jaietarako, eta, beti bezala, Bideberriko txosnagunea izango da jai gune garrantzitsuenetariko bat. Azken urteetan Xaxau konpartsa arduratu da gune hori kudeatzeaz, eta aurtengo festetarako ere nobedadez jositako egitarau betea prestatu dute.

 

Bitorianatxoren jaitsierari aurreratuta, azken urteotan bezala ikasle eta gazte bazkariarekin hasiko dituzte jaiak egubakoitz eguerdian Bideberriko txosnagunean. Orduan hasita, hitzorduz betetako egitaraua izango da bost egunetan zehar.

Berritasunen artean, "kaleko presentzia areagotu" nahi izan dute aurten, ohar bidez azaldu dutenez. Horren adibide da, esaterako, jaietako lehen egunean izango den Bad Sound System kalejira. Musika talde irundarrak erritmoa jarriko du herriko kaleetan, furgoneta gainean igota.

Bestalde, gaueko hitzorduez gain, egunean zeharreko egitaraua ere indartu nahi dutela azaldu dute konpartsatik. Zapatuan igarriko da hori bereziki: "Eguerditik aurrera kantu jira musikatua ospatuko dugu kale baztarretan, jarraian urteroko presoen aldeko bazkaria eta ostean Kopla barik bertso eskolakoek bertso tribial esperimentu soziologikoa prestatu dute, deskantsurako denborarik gabe, Buru haundiei harrera egingo diegu txosnagunean eta ostean batukada feministarekin berriro ere kaleak okupatzera!".

Kontzertuak

 Nola ez, kontzertuak ere ez dira faltako jaietan txosnagunean. "Estilo, gustu, adin eta belarri guztietarako eskaintza" izango da, eta egunero izango da musika emanaldiren bat: "Bad Sound System taldeak Iruneko jaia eta aldarria ekarriko ditu reggae, dancehall eta ragga estiloekin, Fridays Crew taldeak punk doinuak landuko ditu, Polygorn ziburutarrek Moï Moï diskoetxearen aire fresko jostagarria, Fiachras herriko taldeak bere azken diska Amnesia eta argia aurkeztuko digu, The Sparteens-ekin denboraren makinan sartu eta Urretxindorrak-en garaietara joango gara, Perlak taldeak post punk konprometitua landuko du, Azkaiter Pelox trio formatuan etorriko da, ohitura jostagarri bilakatu den Laket taldearen kontzertua ere ez da faltako, Nebulako herrikideek 80 hamarkadako punk-diskoa konfetiz apainduko dute, Martxanterak bideo dj formatuan ariko dira ostiralean Egunen batean damutuko haiz rockerillo itxurak egitearren dantzatu gabe pasatzen utzitako cumbietaz lemapean, larunbatean BET kolektiboko disko musika dantzagarria izango dugu palmera artean, astelehenean instituzio bat den dj Bull…"

Demasa eta Erain egunak

Domeka Demasa eguna izango da aurten, eta Kilometroak 2016ko lantaldearekin batera antolatu dute egun horretako egitaraua, umeendako eskaintzari arreta berezia jarriaz. Jolasak, entsaladatxo sobietar lehiaketa, magia eta kontzertuak izango dira, besteak beste.

Astelehena, berriz, Erain Debagoienaren Bergarako taldearekin elkarlanean ospatuko dute. Urteroko herri bazkariaren ostean, Laket, The Sparteens, Nebulosa eta Dj Bull-ek alaituko dute gaua.

Konpromisoak

Iaz egin bezala, aurten ere Martxanterak herriko talde feministarekin batera erasoen aurkako protokolo bat jarriko dute martxan. Konpartsatik adierazi dute ez dutela inongo jarrera sexista, homofobo, transfobo, xenófobo edo aporofoborik onartuko.

Bestalde, aurten tokiko produktuen eskaintza handituko dute eta ingurumenarekiko konpromisoa indartzeko asmoa daukate Xaxaun: "Zero zabor filosofiarekin aurrera goaz, hondakinen bereizketa sakona egingo dugu Txosnagunean, ur botilak ezabatzea erabaki dugu plastikoaren erabilera murrizteko, bide berean edalontzi berrerabilgarriak banatuko dira eta zaborrik onena sortzen ez dena denez, edalontziak itzultzean dirua itzuliko da."

"Jaietako olatua" aprobetxatu nahi dute, eta konpartsakoen helburua da Xaxau festetan bakarrik ez, urte osoan zehar aktibo mantenduko den talde bat izatea. Hala, bertan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

Egitarau osoa

  • Maiatzak 13, ostirala

15:00 Ikasle/gazte bazkaixa ondoren elektrotxarangarekin batera kaleak berreskuratzera

20:30 Bideberriko txosnagunearen irekiera festa

21:00 – 23:00 Bad Sound System taldea kamioneta batera igo eta kaleetan zehar ibiliko da

00:00 Kontzertuak  (Bideberri txosnagunean)

  • Fridays Crew
  • Bad Sound System
  • Martxanterak! VJ
  • Maiatzak 14, larunbata

13:00 Kantu jira - Bergarako musikarixekin Bideberrin hasi eta ondoren herrian zehar

15:00 Presoen aldeko bazkaixa (Bideberriko txosnagunian)

17:30 Bertso- tribiala Ane Labaka, Malen Amenabar, Oihana Iguaran eta Kopla Barik (Bideberritik hasita)

19:00 Buru handixen harrera txosnagunean

19:00 Batukada feminista Ehunzangoren eskutik

23:00 Kontzertuak (Bideberri txosnagunean)

  • McOnak
  • Polygorn
  • BET – disko musika/ 3 disko jartzaile
    • Alain Elektronishe
    • Landerground
    • Balza
  • Maiatzak 15, igandea -DEMASA eguna-

11:00 Ume eta gurasoendako jolasak (Bergarako Haur eta Guraso asanbladaren eskutik)

13:00 Entsaladatxo Sobietar Lehiaketaren I. edizioa

14:00 Sari banaketa

14:30 DEMASA bazkaria

17:00 Imanol Ituiñoren magia emanaldia

18:00 Kontzertuak

  • Azkaiter Pelox
  • Harresian zulo

22:30 Film labur lehiaketara aurkeztutako filmen emanaldia eta sari banaketa

  • Maiatzak 16, astelehena -Erain eguna-

20:00 Kontzertuak Bideberrin:

  • Laket

23:00 Kontzertuak

  • The Sparteens
  • Nebulosa
  • DJ Bull
  • Maiatzak 17, asteartea

19:00 Kontzertuak:

  • Perlak
  • Fiachras

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak