San Martin jaiak Bergaran 2015

Xabier Artola eta Idoia Besada txapeldunak 30. Moises Azpiazu dantza solte txapelketan

Mirari Altube Arrese 2015ko ira. 11a, 21:24

Irurako Xabier Artola eta Pasaiako Idoia Besada izan dira txapeldunak Bergaran, Moises Azpiazuren omenezko 30. bikote nagusien dantza solte txapelketan. Zazpi bikote izan dira nor baino nor gehiago taula gainean, eta epaimahaiak argi izan du onenak zeintzuk izan diren. Bigarren geratu dira Santurtziko Lander Campos eta Leioako Haizea Hormaetxea eta hirugarren Azpeitiko Asier Ibarguren eta Garazi Gurrutxaga.

"Beste txapelketa batzuetan indartsuago ibili izan gara eta gaur ez genuen espero irabazterik. Izugarrizko maila egon da, gainera, hortaz, benetan pozik gaude", esan du Artolak txapelketa bukaeran. Urtarrilean osatu zuten bikotea Artolak eta Besadak, eta maiatzean txapelketak jokatzen hasi; hasi eta irabazi, hortaz, irabaztea zer den ondo dakien bikotea da. 

Zazpi bikote bakarrik elkartu dira –zortzigarreneko bikotekide batek min hartu du azken unean– baina txapelketa benetan polita izan dela aitortu du Ander Garitaonaindia dantzari ohiak, epaimahaiko kideak: "Oso polita izan da txapelketa bikote gutxi egon arren eta maila handikoa. Arin-arinean behera egin badute ere apur bat, fandangoa izugarria izan da".

Gakoa zailtasunean

Zailtasuna, erritmoa, gorputzaren goiko aldearen mugimendua eta emozioak baloratzen ditu epaimahaiak. Eta ez dute zalantzarik izan txapelduna hautatzeko orduan. Gainerako postuen artean, ostera, lehia estua izan dela onartu du Garitaonaindiak: "Zailtasunean egon da gakoa, erritmoan ondo ibili direlako guztiak. Eta irabazlea gehiago izan da zailtasunean. Bigarrenak, hirugarrenak eta laugarrenak, ostera, puntu pare baten aldea bakarrik izan dute".

Bergarako bikoterik ez da izan, ezta Debagoienekorik ere. Hala ere itxaropentsu daude Bergarako musika eskolako kideak: "Iaz sortu genuen dantza eskola eta 45 bat gaztetxo dabiltza aurten. Hortaz, poliki-poliki badoa berreskuratzen galduta zegoen euskal dantzen haria", jakinarazi du Nekane Gabilondok, dantza taldeko arduradunak.

Erlazionatuak

Dantza solte txapelketa

Goiatz Arana Begiristain 2015 ira 11 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak