Webgune berria, mugikorretarako aplikazioa eta autokarabana gunea, Bergaran turismoa bultzatzeko

Julen Iriondo 2013ko mar. 20a, 16:53

Turismora propio bideratutako webgunea sortu du Bergarako Udalak, eskaintza turistikoaren eta zerbitzuen berri mugikorrean bertan jasotzeko aukera emango duen aplikazioa ere bai, eta Aste Santurako prest egongo da autokarabanentzako gunea, Labegaraietan atontzen ari direna.

Turismora bideratutako webgune berria du Bergarak. www.bergaraturismo.net helbidean topatu ahal izango du erabiltzaileak, lau hizkuntzatan, herriko eskaintza historiko-artistikoaren berri, natur baliabideena, garraioari buruzko informazioa, alojamenduena, kirol jarduerena, kultura agenda,... Ez da beraz bisitarientzat bakarrik izango baliagarri, baita herritarrentzat ere. Eta hori guztia ordenagailuan kontsultatu ahal izango da, eta mugikorrean ere bai. Poltsikorako egokitutako webgunea eta Android eta i-Phonetarako aplikazioa egin ditu Batura enpresak.

Webgune eta aplikazioetako edukia ez da finkoa izango. Udalaren nahia da turismo arloko edo bestelako herriko eragileek proiektuan parte hartu dezatela, edukiak proposatuz, euskarriok aberasteko. Gaur bertan ostalaritza sektoreko hainbat lagunekin batu dira. Helburua turismoak herrian onura ekonomikoa eragitea ere badela azaldu dute Bergarako Udaleko ordezkariek aurkezpenean.

Eta euskarrietatik harantzago, azpiegiturez ere jardun dute. Aztertuko dute Seminarioko museoa, behin behinean, Errekalde jauregian jartzeko aukera; aurten nahi dute egitasmo hori definitzea. Autokarabanentzako gunea ere ari dira prestatzen Labegaraietako industrialdean, urak aldatzeko azpiegiturarekin. Aste Santurako prest egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak