Elkartasun pausoz, bidea egiten

Arritxu Barruso 2011ko urt. 16a, 01:00

Magali Muruamendiarazek 5 urte beteko ditu otsailean. Bergararra den arren, azken hilabeteotan Galizian bizi da, amarekin eta anaia txikiarekin batera; izan ere, garuneko lesio bat izan zuen jaio zenean eta Galiziako Foltra zentroan garunaren errehabilitazio neurologikoarendako tratamendua jasotzen ari da joan zen abuztuaren amaiera ezkero.

Gabonak etxeko berotasunean
Gabonetan, baina, egun batzuetarako, Magalik Bergarara itzultzeko aukera izan zuen lagun eta familiartekoei tratamenduak eragiten dizkion onurak erakusteko. "Gustura etorri gara etxera eta oso pozik Magalik aurrerapauso garrantzitsuak eman dituelako azken hilabeteotan. Ia-ia tente mantentzen da bera bakarrik, pausoak ematen ere ikasi du eta estimuluei erantzuten die; musu ematen diozunean nabaritzen da gustatzen zaiola. Sekulako aurrerapausoak dira guretako", kontatu digu Nagore Egurenek, Magaliren amak. Hasiera baten hilabete eta erdirako joan ziren Galiziara, baina Magaliren aurrerapausoak ikusita egonaldia luzatzea erabaki dute: "Oraingoz, jarraitu egingo dugu. Urtarrilaren 10ean hasiko du berriro ere tratamendua, baina ez dakigu noiz arte. Ez dugu ilusio handirik egin nahi, dena etorri ahala aztertu eta erabakiko dugu. Nik uste dut horixe dela zuzenena".

Herritarren elkartasuna
Galiziako tratamendua, baina, oso garestia da, eta, buruari buelta asko eman ostean, azkenean ere familiak laguntza eskatzea erabaki zuen eta Magaliren alde Erregetako Loteria saltzera animatu ziren Gabonetan; herritarren erantzuna erabatekoa izan zen: "Aho zabalik geratu gara. Partizipazioak bost eurokoak ziren, hiru loterian jokatzeko eta bi Magalirendako. Hasieran oso loteria gutxi erosi genuen eta motz gelditu ginen, jendeak loteria erosi nahi zigun laguntzeko. Oso pozgarria da jakitea beharra duzunean jendea laguntzeko prest dagoela. Eskerrak eman nahi dizkiegu lagundu diguten herritar guztiei".
Loteria kausa on baten aldekoa zen eta, beharbada, horregatik zortea lagun izan dute; kontua da jokatutakoaren bikoitza irabazi dutela. Magaliren gurasoek azaldu dute dirua kobratu nahi duenak Caja Rural de Navarrara joan behar duela.

Magaliri lagundu nahi?
Magaliren amak kontatu digu loteria agortu zenean herritarrak dirua ematen hasi zirela, eta, azkenean, Nafarroako Rural  Kutxan kontu korronte irekitzea erabaki dutela(3008 0169 57 2232793014).
Honezkero Galiziako lagunekin  egongo da berriro ere Magali. Ea laster etortzen den Bergarara berriro ere bisitan notizia onekin. Zorte on, Magali!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak