Nagore Llodio: "2017ko eskapularioa da bildumako bereziena"

Julen Murua Mesonero 2023ko urr. 6a, 13:12

Nagore Llodio haren eskapulario bildumarekin.

Gaur, egubakoitzean, ospatuko dute arrasatearrek 2023. urteko Maritxu Kajoi eguna, eta, ohiturarekin jarraitzeko, Nagore Llodiok aurtengo eskapularioa ere gordeko du.

Iritsi dira 2023. urteko Maritxu Kajoi jaiak eta, urteroko legez, eskapularioak eramango dituzte arrasatearrek kolkotik zintzilik. Nagore Llodiok (Arrasate, 1980) tradizio bat jarraitu du urte askoan zehar: eskapularioak urtez urte gordetzea. Haren esku egon den bakoitzean lortu du bilduma osatzeko eskapularioa; aurten ere, ez du huts egingo.

Noiztik egiten duzu eskapularioen bilduma?

1989. urtetik aurrerako eskapularioak gordetzen ditut, kalera irteten hasi nintzenean hasi nintzen eskapularioak gordetzen, eta gaur arte.

Zerrek bultzatu zizun eskapularioak gordetzera?

Nire lehengusu nagusiek gorde egiten zituzten eskapularioak, eta, hori dela eta, nik ere tradizio berbera jarraitzea erabaki nuen.

Urteren baten hutsik egin duzu?

Azkenengo bi urteetan ez da eskapulariorik egon, beraz, horiek ezin izan ditut lortu, baina gainontzeko guztiak baditut gordeta. Kalera irtetea ezinezkoa izan zaidan horietan ere lortu dut eskapularioa etxera ekarri eta gordetzea.

1989 aurreko eskapularioak lortu dituzu?

Nire lehengusuak ba omen du baten bat gordeta, baina ez, ez naiz saiatu lortzen.

Zein garrantzia du honek guztiak zuretzat?

Polita iruditzen zait. Azkenean, herritik eta herriarentzat sortutako jai bat da. Eskapularioak, gainera, sinbolo oso garrantzitsuak dira jai honetarako. Sinbologia berezi hori izatea oso polita iruditzen zait eta horregatik gordetzen ditut.

Baduzu gordeta bereziki gustuko duzun eskapulariorik?

Nire alabaren urtebetetze eguneko eskapularioa da gordeta ditudan guztietatik niretzat garrantzia handiena duena –2017koa da eta egitaraua ere gordeta du–. Aurten ere jaso beharko genuke, baina kontu ezberdinak direla eta ez nuen inprimakia garaiz bidali eta, beraz, aurten ez da zerrendan agertu. Hala ere, lagun baten bitartez lortu dut niretzat egitaraua inprimatuta lortzea. Beraz, aurtengoa ere oso ondo gordeko dugu, nahiz eta nire alaba agertuko ez den.

Datozen urteetan ere tradizio berarekin jarraitzeko asmorik ba al duzu?

Bai, noski. Orain arte 1989. urtetik aurrerako guztiak gorde ditut, eta, beraz, hemendik aurrerakoak ere gordeko ditut, edo hori espero dut.

Zure alabari belaunaldiz belaunaldi tradizio honekin jarraitzeko testigua emango diozu?

Bai, emango diot. Ez da erraza horrenbeste urtetan zehar tradizio honekin jarraitzea, eta, beraz, ez dakit zenbat iraungo duen tradizioarekin –asko irautea espero dut–. Baina bai, emango diot testigua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak