ALBISTEAK

AGAKOk jaso du Maritxu Kajoiren inbutu preziatua

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko ira. 30a, 11:00

Ohitura denez, Maritxu Kajoi egun handiaren aurreko egubakoitzean nobenaixoa ospatzeko ekitaldia egin zuten atzo. Maritxu Kajoi komisiñoak Arrasateko Gazte Alternatiboen Kofradia Organizatuari (AGAKO) eman dio aurten inbutu preziatua, eta gaztetxeko kideek gustu handiz hartu dute "ohorea".

Komisiñoko kideek Maritxuk AGAKOri zuzendutako gutuna irakurri zuten ekitaldian; halaxe azaldu du komisiñoko Jokin Mendizabalek zergatik erabaki duten aurten AGAKO omentzea: "32 urtez herritik eta herriarentzat lanean dabilen eragilea da, beti egitaraua zabal bat eskaintzen. Jaietan ere beti izan dugu elkarlana, eta oso inportantea den eragilea da".

AGAKOko kide Beñat Barrenak esan zuen "ohore bat" dela inbutua jasotzea: "Pozgarria da. Beti egon da harreman ona komisiñoaren eta AGAKOren artean, elkarlanerako joera naturala. Gaztetxea denondako lekua da, baina ez parrandarako bakarrik; bestelako ekintzetarako ere etorri beharko litzateke jendea. Gero eta jende gehiago, orduan eta hobeto".

Horrez gain, gaztetxearen izaera "anti-errepresiboa" ere aipatu zuen Barrenak, eta gaur egun albiste diren bi gertaera azpimarratu zituen AGAKOren izenean: "Leioako bostak epaituak izan dira duela bi egun Bilbon, 2016ko mobilizazio batzuengatik; euren absoluzioa exijitzen dugu. Bestalde, Aitor eta Galder ere espetxeratzeko daude muntaia polizial baten ostean".

Ekitaldiaren ostean, ardoa eta gazta barra-barra.

Jarraian, Maritxuk AGAKOri idatzitako gutuna:

AGAKOI

AGAKO, nundik hasi…

AGAKO, Arrasateko Gazte Alternatibuen Kofradia Organizatua. Kofradia euskal arrantzalien etxia da. Bada berezixa kostarik bako harrizko herri zahar batek kofradixia eukittia… Baina gure kofradixia be berezixa da. Gure kofradixan eztau ez atunik ez antxoaik, guria beste asunto bat da. 32 urteko kofradia kuttuna. Marinel, timonel, korsario ta pirata askon gotorleku 3 hamarkada luzez. Haixe ta olatu zakarren aurrien batera inddarraz arraunien.  Horixe zara zeu, AGAKO.

Asanblada eta autogestinua. Ospitale zahar hartan sortu zan ametsa, Gurea zinian parien. Beti herrira eta eragile zein elkartiei zabalik.

Zarata eta burrukia, okupaziñua eta erresistentzia, gaztien elkargune eta babesleku. Kultura eskaintza alternatibua: artistak, hitzaldixak, kontzertuak, antzerkixak, erakusketak, topaketak, jaialdixak, zine emanaldixak, eztabaidak, ikastaruak, dantzaldixak, parrandak etb. Sekulako egitarauak eta dana herrixakin batera.

Elkartasuna. Elkartasuna, beste herri ekimen askokiko: ameslari, ekologista, feminista, ahaztu, zapaldu, gaztetxe, disidentiekiko… maitasunetik eta etxien falta ditxugunon etxeratzian aldeko konpromisotik. Euskal presuak Euskal Herrira.

Kritikotasuna. Gaztien kritikotasuna eta ekintzailetasuna lantzeko espazio. Sorkuntza bultzatu eta gazte aktibuak garatu.

Jaixak. Hasieratik herriko jaixak bultzatzen eta indartzen. Herrittik eta herrixandako, herrixa irririk barik ez baitta herri.

Ameslarixa. Ekologista, iraultzaile, feminista, transgresore, antikapitalista, euskaldun... injustiziak salatu eta mundu mailan dauzen burruka askokin bat ein, etorkizun hobe bat irudikatuz.

Horreik danok eta askoz gehixau zara, AGAKO. Asanblada honek ehundaka arrasatear hezi eta hazi dittu talde lanian eta autogestinuan. Ehundaka litro kola, mangerazo, pintura, izerdi, asanblada, kontzertu eta jai… Ehundaka istorixa, ehundaka irribarre eta malko amets baten bueltan, zoro zoragarri bat zara..

Mila esker AGAKO eitten dozun lanagatik. Urte asko daroiegu batera elkarlanian jaixen bueltan eta aurten zuri tokau jatzu neure enbutua jasotia. Askok ez dogu Arrasate zeu barik irudikatzen, sekulako bidia einddozu sortu zinenetik, eta beste horrenbeste ein deizule!

Mila esker AGAKO.

Gora AGAKO!

Maritxu Kajoi

 

Erlazionatuak

Maritxu Kajoiren inbutu preziatua, AGAKOrendako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023 ira 30 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak