Eguraldi iragarpenak ikusita, jakina zen ibilbidea arriskutsu egongo zela, jaitsieran bereziki, baina eroriko larririk ez da izan: "Lehen helburua zen lesio larririk ez izatea, eta bete dugu", adierazi du Mondraitz taldeko ordezkari Eneko Urrizalkik. Antolatzaileak pozik egon daitezke, Herriko Plazan Goienako kameren aurrean hitz egin duten korrikalari guztiek txalotu dute-eta haien lana.
Lasterketari dagokionez, hasieratik jarri dira lasterketa buruan Zamakona eta Ajuria, haiek izan dira Udalatxeko gaina egiten lehenak. Hirugarren postuan igo da Udalatxera Ekaitz Kortazar durangarra, ondoan Iban Letamendi oñatiarra zuela. Beheranzkoan Aritz Kortabarria arrasatearrak aurrera egin eta hirugarren postuan helmugaratu da; Ekaitz Kortazar durangarra laugarrena eta Letamendi bosgarrena.
Emakumezkoetan, berriz, Oihana Azkorbebeitia abadiñoarrak (2:13:55) ez du aurkaririk izan. Ibilbidea larregi ezagutu ez arren, hasieratik kontrolpean izan du lasterketa; Maite Etxezarreta azpeitiarra izan da bigarrena (2:22:37) eta Maddi Mujika legazpiarra (2:23:46).
Jendea ibilbide osoan zehar
Eguraldia desatseginari aurre eginez, hainbat izan dira lasterketa bertatik bertara jarraitu gura izan duten herritarrak, Herriko Plazan zein ibilbide osoan. Korrikalariek asko eskertzen dute hori: "Haiena bai dela meritua", adierazi du lasterkari batek baino gehiagok.