Martxoaren 29 eta 30erako adimen lehiakorraren inguruko jardunaldiak antolatu ditu Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziak. Adimen lehiakorraren helburua ingurunea, merkatua, produktu berriak eta lehiakideak ezagutzeko tresnak garatzean datza, ondoren, erabaki estrategiko hobeak edota produktu berriak garatzeko helburuarekin.
Jardunaldiak bi zatitan banatuko dira. Lehen egunean, adimen lehiakorra berrikuntza prozesuan izango da gai nagusia eta Hispavista Labs, Emun eta Instituto de Transporte y Comercioko esperientziak ezagutzeaz aparte, adimen lehiakorrak berrikuntza prozesuan duen garrantziaren inguruan arituko dira. Batez ere, ingeniaritza, aholkularitza, heziketa zentro eta zerbitzuetan lanean ari diren pertsonei zuzendua izango da lehen eguna. Bigarren egunean aldiz, Debagoieneko enpresen kasu praktikoak ezagutzeko aukera izango da. Zehazki, Copreci, Goizper eta Ulma Packaging enpresatako esperientzien inguruan arituko dira hauek aurrera eraman dituzten profesionalak eta enpresa industrialei zuzendua dago bereziki.
Jardunaldietaz aparte, Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziak lan ordu poltsa bat jarriko du enpresen eskura maiatza eta ekaina bitartean adimen lehiakorraren inguruko aholkularitza jasotzeko. Aholkularitza zerbitzu hau Hispavista Labs enpresaren eskutik izango da eta adimen lehiakorrean lehen pausuak eman nahi dituzten enpresei zuzendua egongo da. Zerbitzua doakoa izango da eta banako aholkularitza pertsonalizatua jasotzeko aukera izango dute interneten dauden automatizazio tresna desberdinak beraien negozio estrategietan nola aplikatu jakiteko.