San Juan jaiak 2016

Txosnaguneko pankartaren kontura Udal Gobernuari erantzun dio Arrasateko Emakume Gazte Asanbladak

Julen Iriondo 2016ko eka. 26a, 12:33

Atzoko ekintzako une bat.

Oharra zabaldu dute, atzo gauean txosnagunean egindako ekintza azalduz eta bertan jarrita dagoen pankarta baten kontura Udal Gobernuak ateratako oharrari erantzunez: "Iraingarria da gure baginak eskandaluzkotzat jotzea". Udal Gobernuak pankarta hura kentzeko eskatu zuen jaien hasieran.

Ondorengoa da eztabaida eragin duen pankarta.

Jaien hasieran eskatu zuen Udal Gobernuak pankarta hura kentzeko: "Argi utzi nahi dugu mezu iraingarriak dituzten eta bizikidetza oztopatzen duten kartel eta pankarta ororen aurka azalduko garela beti", zioen  Gobernuak plazaratutako oharrean.

Horri erantzunez eta atzo gaueko txosnaguneko ekintza azalduz –emakume talde bat, burua estalita eta askotariko mezuak zituzten kartelak eta antortxak eskuan, txosnagunean agertu eta, pankarta batekin, agertokira igo ziren, Arkada Socialen kontzertuaren erdian, mezu bat irakurtzera–, ondorengo oharra zabaldu du Arrasateko Emakume Gazte Asanbladak:

"Emakume guztiak beldurrarekin hezi gaituzte. Gure heziketa 'puta' izendatuak izan ez gaitezen bideratu dute. Bizi txarreko emakumeak, kontrolatuak eta lanbide okerrekoak. Prostituzioaz, putez, estigmez.. hitz egin behar dugu. Ikusarazi, salatu eta eraldatu behar ditugu. Edo gure egin. Eta puta izateak, sexualki askea, independentea, nor bere buru eta gorputzaren jabea, langilea, sistemaren kontrakoa… izatea esan nahi badu, gu ere putak gara! Eta hori da, hain zuzen, irudikatu nahi izan duguna.

Batzuentzat, iraingarria da gure aluak odoletan ikustea, odol hori hilero isurtzen dugu, isuri dugu eta isuriko dugu. %51 gara, eta ez dugu onartuko gure gorputzak iraingarritzat jotzea, are gutxiago gure odola.

Iraingarria dena da aste betean lau emakume erailak izan eta ezer ez esatea. Iraingarria da Erkoreka jaunak gertakari horiek genero biolentzia ez direla esatea. Iraingarria da harreman afektiborik behar izatea hilketa bat biolentzia matxista dela esateko; hortik kanpora biolentzia matxistarik egongo ez balitz bezala. Iraingarria da Ibarra eta Iruneko jaietan, sei emakume drogatu eta bahitzea. Iraingarria da aste betean hori guztia gertatu eta zuen ahotan puta Juanen pankarta bakarrik egotea. Iraingarria da gure baginak eskandaluzkotzat jotzea. Iraingarria da horrekin izutzen den jendarte matxista.

Guk gure bidean tinko jarraituko dugu, jakin badakigulako borroka feministak egingo gaituela herri eta hurrengo hilean ere kuleroak, tangak… odolez zikinduko ditugula!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak