San Juan jaiak 2016

Puntako artistak eta Arrasate Musikaleko banda punk ukituarekin

Xabi Gorostidi 2016ko eka. 24a, 09:58

Kolore askotariko estiloekin dator aurtengo San Juan jaietako musika eskaintza. Gaur, Arrasate Musikaleko Bandaren eta Anne Etchegoyenek Goikobalurekin prestatu duen ikuskizunaren txanda izango da. Bihar Arkada Social eta Non Serviumena, eta jaiei amaiera emateko Raimundo Amador arituko da domekan.

San Juan jaietan musika izaten da protagonistetako bat, eta aurten ere hala izango da. Punk-rock doinuek, Gioachino Rossiniren melodiek, erritmo elektronikoek, flamenkoarekin nahastutako abestiek edota herriko taldeekin elkarlanean egindako ikuskizunek betetzen dute aurtengo jaietako musika egitaraua. Belarri guztiek gozatzeko moduko eskaintza.
Arrasate Musikaleko bandak gaur eguerdian eskainiko duen kontzertua da hitzordu horietako bat. Aurtengoa, berezia izango da gainera: Jul Bolinaga gitarra-jolea omentzeko asmoz, RIP taldearen abestiekin amaituko dute saioa.
"Urtero egiten dugu gure estilotik urruntzen den abestiren bat saio amaieran. Queen edo Mecano dira horren adibide. Beraz, Julen heriotzaren harira, omenaldi txiki hori berari egitea aproposa zela erabaki genuen" adierazi du Mikel Markiegik, Bandako zuzendariak. Hitzordua gaur da, egubakoitza, 13:00etan Monterron parkean.
Gauean, eta toki berdinean ere egongo da musikarekin gozatzeko beste aukera bat. Izan ere, Goikobalu abesbatzak eta Anne Etchegoyen Donapaleuko abeslariak Monterroneko oholtza partekatuko dute. Hain zuzen, bakoitza bere aldetik aritu ondoren, azken hiru abestiak elkarrekin joko dituzte. 23:15ean hasiko da kontzertua, eta, aldi berean, Oihan Vegaren diskofestak dantzan jarriko ditu herriko plazara gerturatzen direnak.

Puntako artista gehiago

Jaietako hirugarren egunean punk-rock doinuak izango dira protagonistak. Arkada Social eta Non Servium taldeek txosnaguneko bazterrak hankaz gora jarriko dituzte euren emanaldiekin. Arrasatearrak gogotsu aterako dira. " Urte asko dira jaietan ez dugula jo, eta egun berezia izango da guretzat" adierazi du Hodei Beitiak, taldeko baxu jole eta abeslariak. 2015eko abenduan Sin Mirar Atras lan berria kaleratu zuten, baina lehengo eta oraingo abestiak joko dituzte etxeko zaleen aurrean. "Aukera polita izango da kanta berriak Arrasaten aurkezteko. Orain arte aurkeztu ditugun lekuetan harrera ona izan dute. Baina denetarik joko dugu, abesti zaharrak ere bai" esan du Beitiak. Eurekin batera Non Servium madrildarrak aterako dira. Punk gordinez eta hardcore agresiboz jositako zuzenekoak emateagatik dira ezagunak, eta euren alorrean estatu mailako puntako taldea dira.
Eskaintza zabalarekin amaitzeko, Raimundo Amadorren fusio ikuskizunarekin agurtuko dira San Juan jaiak. Domekan, 20:00ean, igoko da herriko plazako agertokira.Sevillako gitarra-jole trebeak, maite dituen musikarien kantekin osatutako ikuskizuna prestatu du. Jimi Hendrixi, BB Kingi, Miles Davisi eta Camaronei egindako keinuak ez dira faltako artista andaluziarrak joko duen abesti sortan. Askotariko estiloak bere erara nahasten maisua da Amador, eta hori plasmatuko du domekako kontzertuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak