Maritxu Kajoi

Oihan Vitoria: "Emanaldi berezi bat prestatu du Santa Ageda abesbatzak Nobenaixorako"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko ira. 22a, 15:00

Hamar egun eskas falta zaie arrasatearrei urteko egunik dotoreena bizi dezaten, eta urtero moduan, Maritxu Kajoi eguna berotzen joateko Nobenaixua ospatuko dute egubakoitzean irailak 25. Komisiñuak Santa Ageda abesbatza omenduko du aurten urteetan herriko bazterrak alaitzen egindako lanagatik eta abesbatzaren sortzaileei emango diete aurten inbutu preziatua, Maritxu azpira inguratzen diren herritar guztiei ardoa eta gazta musu truk banatzearekin batera (18:30ean, Maritxu azpian). 

Urtebeteko itxaronaldiaren ostean, arrasatearren ama birjina maitatuenari ez zaio ezer geratzen egun handirako, heltzear da Maritxu Kajoi Eguna. Eta urtero moduan, festa berotzen joateko, Komisiñuak Nobenaixua antolatu du herriaren alde lan egin duen elkarte bat omentzeko.

"Pozik jaso dute gonbidapena"

Aurten Santa Ageda abesbatza omenduko dute: "Horrenbeste urtetan tradizioa mantentzearren eta herriko bazterrak alaitzen zein kantuz barreiatzen egindako lanagatik jasoko dute omenaldia. Pozik jaso dute gonbidapena, oso gustura etorriko dira abestera; emanaldi berezi bat prestatzen dihardute, gainera. Inbutua abesbatzako sortzaileei emango zaie", aurreratu du Maritxu Kajoi Komisoñoko Oihan Vitoriak. Eta omenaldiaren ondoren, nola ez, ardoa eta gazta banatuko dute omenduek, Komisiñokoen laguntzarekin. 

Urtero moduan, Oria txaranga beteranoaren doinuek alde zaharreko kaleak alaitu ostean, zortzi t’erdiak aldera, helduko da esperotako unea, Maritxuren miraria bertatik bertara ikusteko momentua.   

Argazki lehiaketa, ArtGazkirekin

Bestalde, argazki lehiaketarik ere ez da faltako. Aurten ArtGazki elkarteak antolatu du Komisiñuarekin elkarlanean eta parte hartu gura dutenek urriaren 9ra arteko epea izango dute erretratuak lehiaketak@artgazki.org helbide  elektronikora bidaltzeko. 

Euskararen aldeko hautua sarean

Eta Maritxu euskalduna dela eta garai berrietara egokitzen ederto dakienaren adierazle, aurten webgune berrituarekin dator. Puntu Eus domeinua dauka dagoeneko interneteko bere atariak, Puntu Eus fundazioaren kanpainarekin bat eginez: "Gure hondar aletxoa jarriko dugu sarean, euskarari eta euskal kulturari laguntza emateko eta euskaraz jarduten dugun elkarte garen heinean, horren alde egingo dugu aurrerantzean", dio Vitoriak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak