Aitor Otxoa: "Silicon Valleyn eman dudan denborak bizitza aldatu dit"

Leire Kortabarria 2011ko ira. 14a, 02:00

Uztailean eta abuztuan bizitza aldatu dion bidaia baten joan zen Aitor Otxoa 22 urteko Ingeniaritza ikasle arrasatearra: munduko punta-puntako teknologiak jaiotzen diren lekura, AEBetako Silicon Valley-ra joan zen, Kaliforniara; besteak beste, Google, Apple edo Facebook enpresak dauden tokira. Han bi hilabete eman ditu, "lanean, baina oso-oso gustura", eta oraingo astean berriz ere lanari ekingo dio bete-betean. Horren aurretik, ordea, Goienari eta Arrasate Irratiari tartetxo bat egin die.

Imagine izeneko programa baten aukeratu zuten, Europako beste 11 ingeniari, ikasle eta enpresako ordezkarirekin batera, teknologia berrien bailara hartara joateko; eta imajina ezineko berrikuntzak eta esperientziak bizi eta ikusi izan ditu han.

Talde osoa, Golden Gate atzean dutela.

Arropa eta ohe inteligenteak

Silicon Valleyn, Aitorrek eta bere taldeak lau proiektutan egin behar zuten lan. Izenak eurak ere deigarriak dira: arropa inteligentea, ohe inteligentea…

Proiektu bat BMW etxearekin zen: etorkizunean zelan mugituko garen hirietan, autoz, oinez, garraiobide berrietan…–; Innovalley etxearekin, arropa inteligentea landu zuten; McCann-ekin, etorkizuneko publizitatea zelakoa izan daitekeen –norberarendako erosketa-laguntzailea izan dezakegu etorkizunean, eta berak egin diezaguke erosketa egokiena: "adibidez, 15:00ak eta 17:00ak bitartean leku jakin batera hegaldia gura badugu, berak baldintza guztiak aztertu eta aukera onena erosten du", esaten du Otxoak; eta Cink markarekin etorkizunean arropa zelan erosiko dugun aztertu zuten, sare sozialen testuinguruan.

Lan-saio baten.

Azkenean, ohe inteligentearen proiektua aurkeztu zuten, eta Aitorrek azaltzen digu zertan zetzan: "Dena neurtzen du: lo egiteko etapak; min hartuta baldin bagaude, gorputz-atal horri bero handiagoa ematen dio; musika ipintzen du; etxeko argiak kontrolatzen ditu; iratzartzeko, gustuko musika ipintzen du, edo hondartzako soinua; eta, iratzarri gura dugun ordu bitarte bat emanez gero, adibidez 07:00ak eta 07:30 artean, berak gorputzarendako une egokienean iratzartzen zaitu. Umeen kasuan, amarekin konektatuta egon daiteke. Eta guztia telefono mugikorrarekin kontrola daiteke".

Boleibol zelaia

Ohe hori egiteko ideia izan zuten Silicon Valleyn bertan egiten duten bizimodua ikusita: "Jendea ez da arduratzen lotara joateko orduaz. 10 ordu, 12 ordu…egiten dute lan; gero, lauzpabost ordu lo egiten dute; gero beste bi lan…", esaten digu Aitor Otxoak.

Lana eta aisialdia bateratzen dituzte Silicon Valleyko enpresek.

Euskal Herriko bizimoduarekiko beste alde bat: "Han, jendea ez du asteleheneko ajerik izaten, ez da lanera penaz joaten, oso motibatuta baizik. Komentatzen zidaten hurrengo egunean lanera joango zirela, proiektu hau eta bestea aurrera ateratzera… Pozik joaten ziren". Bera ere, egunean 10-12 ordu sartzera ohitu zen, baina "gustura" ibili zela esaten digu, eta orain ere berdin lan egiteko gertu dagoela.

Edozein modutan, filosofia horrek zerikusi handia dauka Silicon Valleyn enpresak zelakoak diren jakinda: "Enpresek instalazio asko zituzten: Google-en, esaterako, zegoen igerilekua, bi gimnasio, hondartza bat, boleibolean jokatzeko zelaia… Bazekitenez langileek ordu asko eman behar zituztela han, hori guztia eskaintzen zuten; eta langileei ez zitzaien axola han ordu asko ematea". Aitorrek eta bere taldeak ere aisialdi aukera horiek aprobetxatu zituzten: bizikletan ibilaldiak, partiduak, barbakoak…

Boleibolean jokatzen.

Google, Apple, Adobe, Ebay, Facebook… Alor bereko hainbeste enpresa leku berean izanda, pentsatzekoa da dena isilpean izango dutela. Baina kontrakoa da: "Enpresek elkarrekin lan handia egiten dute eta elkarri asko laguntzen diote. Euren pentsaera hau da: bi enpresak aurrera badoaz, bailara ere aurrera joango dela, eta hobe dela gauza berriak etxean sortzea, kanpokoek sor ditzaten baino".

Hori bai, sendo egiten dute lan: "Presio handia dute, eta dena oso azkar doa; izan ere, aste batean teknologia aldatzen da". Bestetik, enpresek batera lan egin arren, "pikea dute, ea zein den onena".

Google enpresa bisitatzen.

Burmuinetik bizikletara

Teknologia berrien sorlekuan, jakina, teknologia haiek edonon daude: "Harrigarria da zelan dena Internet bidez eta poltsikoko telefono bidez egiten duten; jende guztiak smartphone-a dauka. Euskal Herrian ere erabiltzen ditugu, baina han jendea 24 orduz dago konektatuta eta edozer gauza egin daiteke on-line: jatetxe txinatar baten bazkaria eskatu, erosketak egin, poliziari abisatu, sarrera batzuk erosi… denetik".

Asmakizun txundigarriak probatzeko aukera izan zuen Aitorrek: "Bizikleta bat probatu nuen; bere aldagailua burmuinaren energia elektrikoarekin kontrolatzen da, kasko eta motxila berezi batekin. Hemen, medikuntzan erabiltzen da teknologia; adibidez, esku protesikoa dutenen kasuan. Baina han, beste arlo batera eraman dute", azaltzen du.

Aldagailuak burmuinarekin kontrolatzen zituen bizikleta bat probatu zuen Aitor Otxoak.

Jendea, inbertitzeko desiratzen

Euskal Herrian eta AEBetan talentua baldin badago, galdera da zergatik hemen polikiago doazen aurrerapenak. Aitor Otxoak hauxe diosku: "Hemen, filtro gehiago pasatu behar dira; han, patenteak azkarrago egiten dira, jendea gertu dago laguntzeko, eta bestalde, inbertitzeko joera handia dago, eta hori oso garrantzitsua da. Demagun enpresa bat ateratzen dela, sekulako booma dela eta 100 milioi egiten dituela; bada, gobernuak 45 milioi eskatuko dizkio. Baina beste aukera bat emango dio: 45 milioi horiek arrisku-kapitalean inbertitzea. Orduan, inbertitu egiten dute. Enpresa berri batek 100 bezero lortzen baditu, ziur gutxienez 30.000 euro lor ditzakeela". Otxoak esaten duenez, bere taldeak ere 30.000 euro egitea lortu zuen bi astean, eta "hemen, hori oso zaila izango litzateke".

Hala ere, Aitor Otxoak hemengo enpresak ere ondo ikusten ditu: "Pozgarria da bueltatzea eta ikustea hemen ere gaitasun handia dagoela eta gauzak ondo egiten direla". AEBetatik bueltatu eta gero, aste beteko atsedenaldia izan du, eta gero, buru-belarri sartuko da berriz ere lanean, zazpi proiektutan sartuta. Aurten opor barik geratu da: "Hiru egun bakarrik izan nituen jai, eta San Diegora joan nintzen; beste guztietan lan egin nuen". Baina merezi izan du esperientziak.

Kaliforniako hondartza baten.

Orain, bere helburua da "lanean beste ikuspuntu bat sartzea, eta orain guztiz gertu nago 10 ordu, 12 ordu edo behar dena egitera".

Aitor Otxoa, bere lantaldearekin.

"Gustura nago hemen"

Etorkizunean bere burua non ikusten duen galdetuta, hauxe esan digu: "Oraingoz gustura nago hemen, baina aukerei zabalik. 22 urterekin, esan dezaket Apple-en, Stanford-eko Unibertsitatean…egon naizela, eta momentuz nahikoa dut horrekin. Ez daukat Silicon Valleyn lan egiteko asmo zehatzik. Beharbada, merkatua asko aldatuko da", esaten digu. Bitartean, esploratzen jarraituko du: Asiara bidaiatuko du laster, hango berritasunak ere ezagutzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak