Buruko gaitz kronikoa dutenendako, Eguneko Zentroaren proiektua martxan da

Amaia Txintxurreta Guridi 2011ko ots. 2a, 14:49

Arrasaten egingo duten Eguneko Zentroa buruko gaitz kronikoa duten 18 eta 60 urte bitarteko pertsonei zuzenduta egongo da. Bertan zerbitzua eskainiko diete psikiatrikoan sartuta egoteko beharrik ez dutenei, baina osasun mentaleko zentroetan eskaintzen dena baino arreta handiagoa eta zehatzagoa behar duten 25 pertsonei.

Gipuzkoako Foru Aldunditik aditzera eman duenez, guztira 547.800 euro inguru bideratuko dituzte Eguneko Zentrora. Erguinen egongo da eta lokalean egin beharreko egokitzapen lanek 10 hilabete inguru iraungo dute.

Lokala

411 metro koadroko lokala izango da. Ekintza ezberdinak egiteko bi toki izango ditu, jangela, atsedena hartzeko gela handi bat, sukalde terapeutikoa, lan egiteko bi gela, komunak, biltegia eta instalazioen gela bat. Eraikinaren kanpoaldean igogailuaren funtzioa beteko duen plataforma bat ipiniko dute.

Langileak

Behin obrak amaituta, Diputazioak lehiaketa deituko du bere kudeaketaz nor arduratuko den erabakitzeko. Psikiatra, erizain, langile sozial, psikologo kliniko eta monitoreek jardungo dute bertan lanean. Gainera, Osakidetzaren osasun mentaleko zerbitzuen laguntza ere jasoko du zentroak.

Errehabilitazio kognitiboa, trebetasun sozialak, aisia, eguneroko ekintzetarako autonomia, auto-kontrola eta gorputz heziketa jorratuko dituzte, besteak beste, zentro berrian.

Gainera, zentroko langileek, buruko gaitz kronikoa duten pertsonen familiakoei arreta berezia eskainiko diete gaixotasuna hobeto ezagutu eta errehabilitazio pausuak ezartzeko.

Ordutegia

Goizeko 9:00etatik arratsaldeko 17:00etara zabaltzea da hasierako asmoa –jaiegunetan izan ezik- eta janari zerbitzua ere eskainiko dute.

Espero dute zentroak 2012 urtearen erdi aldera zabaltzea bere ateak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak