Fidel Andres eta Elena Iglesias: "Zainduak, babestuak eta oso maitatuak sentitzen gara"

Mirari Altube Arrese 2024ko api. 12a, 14:16

Ekain Andres Iglesias (Aretxabaleta, 1997) gogoan, musika jaialdia egin zuten joan den zapatuan, haren heriotzaren urteurrenaren bezperan, Arlutz osteko kantxan. Sekulako jendetza batu zen, Vietnamen auto batekin izandako motor istripuan hildako gaztea omentzeko eta epaiketa prozesuari aurre egiteko dirua batzeko.

Pozik jaialdiak emandakoarekin?

Sekulakoa izan zen. Gure espektatiba guztiak gainditu zituen. Ekainen kuadrillakoek jarritako tabernan guztia agortu zen. Eta giro oso ona, sanoa, sortu zen; festa giroa. Ekain bera zegoen han, giro horretakoa zelako; festako erregea izango zatekeen, zenbat disfrutatuko zukeen…

Ibone alaba, Ekainen arreba, Balin dago; zelan jarraitu du handik?

Galdera mordoa egin dizkigu, eta hemen egoterik izan ez duelako pena handiarekin.

Eta zuek zelan bizi izan zenuten?

Asteburu luzea eta intentsua izan zen, lan aldetik zein bizipenen aldetik. Urduri eta emozio handiarekin bizi izan dugu, poztasunez eta penarekin. Mina hor dago, baina gutxiago sufritu dugu. Era berean, harro ere sentitu gara, harro hark utzitako arrastoarekin; gure semearen heriotzatik urtebete pasatu arren, gogoan dutela hura, eta hau guztia harengatik egin dutela pentsatzeak harrotu egiten gaitu.

Semearen kuadrillak antolatu du guztia, ezta?

Bai. Haren lagunek salbatu egin gaituzte. Ekain hil zela esan zigutenean pentsatu genuen: bukatu da, ez dago gehiago. Baina ez, guri ematen ari zaigu mordoa; eta, bereziki, lagunen bitartez gabiltza jasotzen guztia. Zaindu egin gaituzte une oro: Gabon egunean gure etxera etorri ziren; irailean Ekainen urtebetetze eguna ospatu zuten; zuhaitz bat landatu; Iboneren alboan ere egon dira… Zainduak, babestuak eta oso maitatuak sentitzen gara. Eta Ekainekin oso harro, sentimendu horiek guztiak transmititzen jakin zuelako eta hain maitatua delako.

Indarra jaso duzue epaiketa prozesuarekin aurrera egiteko?

Bai, bai. Oraindik gogoan dugu prozesua hasteko lehen egunean 4.000 euro ordaindu behar izan genituela eta hurrengo egunean notariotzan paperak bideratzeko beste 2.000 euro eskatu zizkigutela. Orduan, atzera egitea pentsatu genuen; baina esan ziguten amorerik ez emateko hain erraz. Jarraitzera animatu gintuzten, eta gero eta garbiago dugu ondo egin genuela. Jaialdiko diru-kontuen berririk ez daukagu, baina horrekin eta Ekainlore ekimenarekin prozesuari aurre egiteko beste lortu dela ziur gaude. Eta horrek beste lasaitasun bat ematen du.

Zabalik dago prozesua, ezta?

Bai; urtarrilean jakinarazi ziguten prozesu zibila zabaldu zutela, istripua eragin zuen autoaren gidariari dokumentazioa kendu ziotela eta ikerketa-taldea martxan zegoela. Eta orain, prozesu penala abiatzea geratzen da.

Zuen abokatuek zer diote?

Ikerketa-taldea gidariarekin eta haren abokatuekin harremanetan jarriko zela kalte-ordainaren gainean berba egiteko. Baina ez dakigu ezer gehiago. Hori bai, esan diet jakinarazteko gidariari uztailaren 27an han izango naizela ni [Elena].

Bertatik bertara lekua ezagutzera joan gura duzu.

Bai; Ibone alabarekin joango naiz. Hegazkineko txartelak dagoeneko hartuta ditut eta ibilbidea ere zehaztuta dugu. Gogorra izango da, badakit. Dena den, istripua izan zen bidegurutzea dagoeneko ikusita daukat Google Earth bidez, bertaratzerakoan hain gogorra ez dadin izan.

Eta gidariarekin egoteko asmoarekin; erantzunak gura dituzue?

Polizia-txostenean jasota dago istripu bat izan eta atzerritar bat hil zela. Besterik ez. Nik azaldu gura diot zein zen atzerritar hori: Ekainen argazkiak erakutsi, zelakoa zen jakinarazi eta guretzat semea galtzea zer izan den. Kartzelara joatea? Ez; agian, despiste bat izan zelako, baina bai ikusi gura dut egindakoaren kontziente den pertsona bat.

Orduan hasiko da zauria ixten?

Bai. Orain arte, egoerak eraman gaitu batetik bestera, guk gidaritzarik izango ez bagenu bezala. Gainera, ez du laguntzen hain urrun gertatu izanak eta hura lau hilabete aurretik joanda egoteak. Guretzat asko da prozesua abian jarri izana; izan ere, ez dugu mendekurik nahi eta dirurik jasotzekotan ere ez da asko izango, ez gabiltza horren bila. Baina heriotza bat gertatu da eta norbaitek epai bat eman behar du. Egin behar genuena egin dugu.

"Sekulako" lagunak

Jaialdiak emandakoarekin pozik eta oso eskertuta daude. "Eskerrak eman beharrean gaude etorri ziren guztiei, parte hartu zuten taldeei, Udalari eta, bereziki, kuadrillari. Guzti-guztia antolatu zuten eurek. Eta Ekain bertan egon zen haien bitartez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak