Aretxabaletako osasun etxe berria gertu dago, oso gertu

Imanol Gallego 2011ko mar. 14a, 13:20

Izenburuan argi azaltzen den moduan, Aretxabaletak osasun etxe berria izango du laster, eta gertu. Proiektua egiten hasteko, Osakidetzak 200.000 euroko partida gorde du. Lehen diru partida horrekin proiektua aurten egina edukitzea espero da; horregatik laster hitza, baina egoitza berria egungotik gertu, oso gertu egingo dute, duela urte gutxi arte zaharren egoitza izandako lokalera salto egingo du-eta osasun etxeak. 

Ia 30 urte eman ditu Aretxabaletako osasun etxeak Errekabarren kaleko 6. zenbakian, eta urte horietan, herria asko hazteaz gainera, osasun etxearen eta herritarren beharrak aldatu egin dira, eta, haiei erantzun egokia eman ahal izateko gaur egungo lokala txiki geratu da.

Agintaldiaren bigarren erdian, udalbatzako zenbait kidek Osakidetzarekin hainbat batzar egin zituzten, osasun etxeak duen espazio faltari irtenbidea emateko. Elkarlan horren lehen fruitua dagoeneko ikusi dugu, Osakidetzak 200.000 euroko partida gorde du-eta proiektua egiten hasteko. Gauzak horrela, urtetan geldi egon den proiektua paperetik errealitatera salto egin eta lanean dabiltza bai Osakidetza bai udalbatza ere, herritarren beharrak asetze aldera.

Udalak proposatutako kokaleku berriak Osakidetzaren onespena jaso du; bertan, osasun etxeak ematen dituen zerbitzuak era egokiagoan kudeatu ahal izango dira. Anbulatorioko arduradunak dionenez: "Eraikin berriarekin, oraingo lokalarekin ditugun espazio arazoak atzean utzi eta zerbitzu hobea eman ahal izango dugu". 

Obrak
Hori guztia gauzatu ahal izateko, baina, hilabete ugari falta dira. Oraindik guztia proiektu fasean dago-eta. Horrelako proiektu baten ezin da data zehatzik eman, baina prozesuak itxura ona dauka. Aretxabaletako alkatearen hitzetan: "200.000 euroko lehen partida hau ez da nahikoa izango, baina Osakidetzak esan digunez, bigarren partida bat ere bideratuko du eta bigarren hori askoz handiagoa izango da".

Gauzak horrela, betiere proiektua aurten onartzen bada, 2012. urtearen amaierarako edo 2013. urtearen hasierarako anbulatorioa egoitza berria erabiltzekotan egongo dela ziurtatu du alkateak. Obrak ahalik eta epe motzenean egiteko asmoa azaldu dute bi aldeek, eta Garrok hau gaineratu du: "Etxaurrea ukitzen ez duten heinean, bai proiektua bai obra asko bizkortuko da", obrak sotoa eta etxabea egokitzera murriztuko dira-eta.

Zaharren egoitza
Horrek guztiak aurrera egiten duen heinean, zaharren egoitza gaur egun dagoen tokitik atera beharko dute. Osakidetzak eta Udalak azpimarratu nahi izan dute herriko adindunek ez dutela lokala galduko; Udalak hiru aukera posible ditu esku artean.

Lehen proposamena permuta edo trukaketa egitea izango litzateke. Osasun etxeak egun Basotxo elkarteak duen egoitza hartuko luke, eta, ondorioz, Basotxo egungo egoitza utzi eta osasun etxea dagoen lokalera pasako litzateke.

Bigarren proposamena Basotxo elkartea erakin horren lehen solairura igotzea izango litzateke.
Hirugarrena, berriz, Zainduz dagoen lokalera pasatzea izango litzateke. Udal gimnasioa hutsik geldituko da kiroldegi berria martxan jartzen denean, eta aukera hori ere badago.

Dena den, hurrengo egunetan, Inaxio Garro alkatea Basotxo elkarteko presidentearekin elkartuko da, Basotxokoek hiru aukerak aztertu ostean gogokoen dutena ezagutzeko. Hauteskundeen gertutasuna ikusita, Garrok proiektu hori ahalik eta lotuen utzi nahi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak