Aramaioko San Martin Jaiak 2017

goiena.eus

Omenaldia egingo diote Tellamendiko kuadrillari, San Martin jaiak hasteko

  Kultura  Aramaio

Pedro Martin Etxebarria, Felix Elejalde, Julian Unzueta, Felix Elorza, Maximo Kruzelaegi, Sabin Salaberri eta Paulita Unzueta omenduko dituzte bihar, egubakoitza, jaiei hasiera emateko; 1977an Tellamendin ikurrina jarri zuen kuadrillaren parte ziren aipaturikoak.

Alkateak agurrean ondo aipatzen duen moduan, 1977an Tellamendiko gurutzea eta ikurrina berriro jarri zutenak omenduko dituzte bihar, egubakoitza, balentria horren 40. urteurrena dela aprobetxatuz.
Sabin Aranburu historia ikasle aramaioarrak liburu batean bildu du orduko hartan gertaturikoa, eta, hori aprobetxatuz, hitzalditxo bat eskainiko du, herritarrei laburpen bat eginda. "Liburuan jasotakoa labur-labur azalduko dut, askorik luzatu gabe eta modu orokorrean. Hiru bat minutuan, gutxi gorabehera", azaldu du Aranburuk.

Elai eta Bizente Goikoetxea abesbatzek abesti bat eskainiko dute; hain zuzen ere, omenduetako batek, Patxi Salaberrik, idatzitako Belamendiko Kurtzea abestia.

Ondoren, omenduak udaletxeko balkoira igoko dituzte eta Cristina Etxenausia Kultura zinegotziak pregoia botako du, eta, azkenik, txupinarekin emango zaie hasiera aurtengo San Martin jaiei.

Liburua, udazkenerako

Liburua udazkenean aurkezteko asmoa dute. "Inprentara bidali dugu jada, azken xehetasunak falta zaizkigu", dio Aranburuk.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa